GARA > Idatzia > Musika

Udal aurrekontu parte-hartzaileeen beharra

Urte hasierarekin batera, udaletan kontuak egiteko garaia da eta egun hauetan 2008an diru publikoak zertan eta nola banatuko diren erabaki behar da. Politiko guztiak berdinak direla esan ohi da eta, teorian behintzat, alderdien artean desberdintasunak dauden arren, praktikan, egia da, politikoek antzera jokatzen dutela, eskuindar zein ezkertiar direla esan arren. Zorionez, salbuespenak daude

  Urtarrileko aldapa iritsi da eta, kasualitatea (edo ez), batzuentzat beti gorako norabidea dauka. Politikoki, azken urteotako joerari jarraituz, geroz eta malkartsuagoa aurkeztu da (torturak, «ilegalizazioak», etab.) eta ekonomikoki, krisi hitza aipatzen hasi da, batzuentzat krisia amaigabea denean. Politika eta ekonomia eskutik helduta datoz (baita kultura ere). Urte hasierarekin batera, udaletan kontuak egiteko garaia da eta egun hauetan 2008an diru publikoak zertan eta nola banatuko diren erabaki behar da. Politiko guztiak berdinak direla esan ohi da eta, teorian behintzat, alderdien artean desberdintasunak dauden arren, praktikan, egia da, politikoek antzera jokatzen dutela. Zorionez, salbuespenak daude. Hernanin, adibidez (eta ezker abertzaleak gidatzen dituen hainbat herritan), herritarron diruak banatzeko garaian herritarren iritzia ezagutu eta parte hartzea bultzatzen da (logikoa dirudi, ezta?). Hitzez, agintean dauden politiko guztiek herritarren nahiak eta beharrak kontuan hartzen dituztela esaten dute, baina gutxi dira praktikan aurrekontuena bezalako gai garrantzitsuetan herritarren hitza entzun eta parte hartzea bultzatzen dutenak. Hernanin, azaroan eta abenduan zehar 2008 urteko aurrekontuez hitz egin eta proposamenak egiteko bilera irekiak egin dira. Bilerak gaika banatu dira; politika soziala, euskara, ongintza, zerbitzuak, hezkuntza, hirigintza, kirolak eta kultura. Herritar orok nahi zuen atalean (edo guztietan) iritzia eman eta proposamenak aurkezteko aukera izan du. Ondoren, egindako proposamenak mahai gainean jarri eta hiru irizpideren arabera bozkatu dira. Emaitzak ikusita, kulturaren atalean kokatzen diren gaiek herritar askorentzat duten garrantzia nabarmendu da. Egindako eta bozkatutako proposamenek aurrekontuetan izango duten isla nolakoa izango den, azkenean, politikoen esku geratuko da baina, behintzat, bileretan parte hartu dugunon iritzia ezagutzeko aukera izan dute. Horrelako ekimenak nahiko berriak dira eta argi dago, denborarekin (aukera hori badago) sistemak dituen gabeziak zuzentzen saiatu beharko dugula. Askotan esan dugu tabernetan gauzak kritikatzea erraza dela baina, benetan gauza horiek aldatu nahi baditugu, lanean jarri beharko dugula. Leku batzuetan baliabideak jartzen ari dira, eta horrela ez den lekuetan tresna horiek eskuratzeko lanean jarraitu beharko da.
 

Aritz SOUND SYSTEM

Kazetari eta

musika adiktoa

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo