Laura Mintegi Idazlea
Simone de Beauvoir-en irakaspena
Eztabadaigarria da oso, Simonek ez zuela ekarpenik egin filosofian, pentsamenduan edo literaturan. Eztabaidagarria da bere teoria feminista Sartreren pentsamendu existentzialista feminismoari aplikatzea izan zela, huts-hutsean
Ez zaiola gustatzen, dio auzokideak, ez zaio batere gustatzen nola egiten diren orain gauzak: «lehen gehiegi aguantatzen genuen, baliteke, baina oraingo hau ere ez dago ondo», esaten du, «bikotekide batekin ezkondu, umeak egin, banatu, beste batekin elkartu eta ume gehiago egin, honi gehitu bikotekide berriaren umeak... ez dago jakiterik zein den familia nuklearra, non amaitzen den norberaren familia eta non hasten den hurkoarena; zenbat amama eduki dezake haur batek? Batzuek hiru eta lau amama dituzte, biologikoak eta bestelakoak, aitaren edo amaren bikotekide berriaren gurasoak ere aitite-amamatzat ditu. Ematen du den-dena dela behin-behinekoa dela, zati baterakoa...», eta burua gaitzespen keinuaz mugitzen du, destainaz.
Auzokidea ez da inoiz izan estuegia konbentzio sozialei dagokiela. Garai batean, egia da, ez zuen ondo ikusten ezkondu gabeko konbibentzia, baina gaur egun etxeko gazteenei esaten die proba egiteko aurretik, eta elkarbizitza ondo joanez gero, denbora izango dutela ezkontzeko aurrerago.
Auzokidea 1938an jaiotakoa da euskal herrixka batean, eta egun ia 70 urte ditu. Hogeita hamar urte lehenago, 1908an alegia, Simone de Beauvoir jaio zen Parisen.
Egia da ez dela gauza bera Parisen jaiotzea edo Euskal Herriko herrixka batean. Baina emakumeentzako egoera, batean edo bestean, estua eta mugatzailea zen 1908an eta 1938an: formaziorako aukera gutxi, aitaren menpekoak ziren eta ezkontzarako prestatuak. Naturalki pasatzen ziren aitaren babespetik senarraren ordenupera, txintik esan gabe, gizonezkoaren autoritatea ez baitzen jartzen kolokan. Berdin Parisen edo Mungian, Marrakechen edo Cuencan. XX. mendearen hasieran inongo emakumeri ez zitzaion ezagutzen autonomia, irabazi beharra zuten.
Egunotan, Simone de Beauvoir jaio zela ehun urte bete direla, entzun behar izan dugu Simonek egindako gehiena Jean Paul-en itzalean egin zuela; honengandik ez balitz, hark ezer gutxi egingo zuela.
Eztabaidagarria da oso, Simonek ez zuela ekarpenik egin filosofian, pentsamenduan edo literaturan. Eztabaidagarria da bere teoria feminista Sartreren pentsamendu existentzialista feminismoari aplikatzea izan zela, huts-hutsean. Ez dago horrelako argumentaziorik eusterik. Baina, zalantza guztietatik kanpo gelditzen da Sartrek ez ziola ezertxo ere irakatsi Beauvoirri bizitzari dagokiola. Gizonezkoa zen aldetik, edozein modutan bizi zitekeen, ezkondurik edo soltero, konbentzional edo bohemio, bakarrik edo maitalearekin. Simonengandik espero zen, klase sozial bereko gizonarekin ezkontzea, burgeskume batzuen ama keratsua izatea, eta etxekoandre zentzudun gisa jokatzea, soilik. Patua markaturik zuen aurretik, eta ez zuen aukera handirik: bai ala bai, ziotson garaiak.
Simone de Beauvoirren irakaspen handiena ez dago bere liburuetan, baizik eta bere bizimoduan, erakutsi baitzuen posible zela egitea liburuetan idatzi zuena.