Fermin Muguruzaren 2007ko biraren testigantza grafikoa
Datorren urrian ikusiko omen du argia Fermin Muguruzaren «Asthmatic Lion Sound Systema» lan berriak, Talka Records diskoetxean. Irundar musikari ipurterrea hamaika egitasmotan murgilduta dabil egun. Iragandako Durangoko Azokan, «Irun, Lion, Zion in Dub» plazaratu zuen batetik, eta hiru kontinentetan zehar egin zuen azken itzuliko laburpen grafiko gisa 500 argazki bildu dituen liburua bestetik. Har dezagun azken hau hizpide.
Anartz BILBAO | BILBO
Fermin Muguruza, DJ Laia edo Asthmatic Lion: geldirik egotekoa ez den kantari irundarra izendatzeko hiru modu baino ez. Jamaikan grabatu eta aspaldiko amets bat bete ostean, iragan Durangoko Azokarako, Irun inguruko musikariak dub erritmoetan dantzan jarri eta iazko bira laburtu zuen argazki liburu bat plazaratu zuen. Orain, lan berria prestatzen ari da, arnasa hartzeko betarik gabe.
Dagoeneko ahaztuta daukagun arren, birak egiteari utziko ziola ere entzun genion Muguruzari, edo horrela iruditu zitzaigun behintzat. Alta, 2006ko azaroan 18/98ko auzipetuen aldeko jaialdia prestatu zuen BEC aretotzarrean, eta «Euskal Herria Jamaika Clash» zuzenean aurkeztu. Afroamerikar eta euskal musikariz osatutako talde indartsua ikusi genuen oholtza gainean, sua piztu eta 2007ko bira eragin zuen zuzenekoan.
Kontzertu hunkigarri hari hiru kontinentetan zehar hara eta hona eraman zituen birak eman zion segida. Apirilaren 18an Parisen hasi eta abuztuaren 16an Donostian bukatu, berrogei hitzordu inguru, eta hainbat herri. Ameriketan, Tijuana eta Mexiko Hirian, Caracas eta Habanan. Asian, Tokion eta Fuji Rock jaialdian eta Europan, Paris, Mosku, Berlin, Amsterdam, Belfast eta beste hainbat tokitan. Honi eremu urriko kulturen aldeko jaialdiak eta etxean emandako kontzertuak gehitu behar zaizkio. Baita Laia DJ izenpean egindako saioak ere, Bilbon, Montevideon, Buenos Airesen zein Erroman eta Kopenhagen.
Diseinua eta irudiak
Mintzagai dugun liburua, beraz, biraren laburpen grafikoa dugu, 200 orritan 500 argazki bildu dituena (bakoitza bere data, toki eta argazkilariaren azalpenarekin). Liburuak dakarren testu bakarra Fer «Apoaren» (Kuraia, Corazon de Sapo) aurkezpena dugu, lanaren arduradun nagusiarena. Azpiegitura kontuetan laguntzaile, taldearekin batera bidaiatu eta makina bat argazki eta irudi atera eta bildu zituen berak.
Azala eta bildumaren diseinua Joseba Ponce hondarribiarrak egindako lana da (Dut, Kuraia). Azaleko argazkiak Eduard Bayer, Asier Arroita eta Fer Apoak atera dituzte eta azken hau arduratu da tokian tokiko argazkilarien lana biltzeaz.
Guk idatzizko azalpen gehiago eskertuko genituen arren, hiru atal eta bi orduko DVD batek jantzi du lana. Lehenengoan 18/98ko auzipetuen aldeko zuzenekoa. Bigarrenean, 2007ko itzulia, Viña Rock, Mexiko Hiriko zokaloko kontzertua, Caracas eta Donostiako Aste Nagusiko irudiekin. Azkenekoan, «Euskal Herria Mundua Clash», 50 minutuko road movie-a. Kamera lanetan, lau talde nagusi aritu dira Donostia, Mexiko, Viña Rock eta BEC aretoan. Muntaketa eta errealizazioa, berriz, Asier «Sargento» Gartziaren lana dugu.
Urrian lan berria
Artistak web orrian jarri ohi dituen komunikazioei jaramon eginez gero, aurten plazaratuko duen diskoak urriaren 31n ikusiko du argia eta «Asthmatic Lion Sound Systema» izena izango du. Bestalde, urteko laburpen artistikoa egiten ere ausartu da eta disko, liburu eta film gustukoenen zerrenda egin du, lehenengo postuetan emakume bana jarriz: Mia abeslari tamil apurtzailearen «Kala» lana musikan, Eider Rodriguezen «Haragia» ipuin liburua literaturan eta Marjane Satrapi iraniarraren izen bereko komikian oinarrituta dagoen «Persepolis» zineman.
Bitxikeria gisa, esan estreinakoz film baterako soinu banda ere prestatu duela Fermin Muguruzak. Jesus Garayk zuzendua, «Mirant al Cel» da Bartzelonako bonbardaketaren 70. urteurrenaren harira datorren filma.
Irungo kantariak aurten disko berria plazaratzea aurreikusia zuen eta horretanari da buru-belarri, konposizio eta grabaketa lanetan. Kaleratze data bat ematera ere ausartu da. 2008ko urriaren 31n ikusiko omen du argia, «Asthmatic Lion Sound Systema» izenarekin.
Lana: Fermin Muguruza
Afro-Basque Fire Brigade
«Tour 2007».
Egilea: Fermin Muguruza.
Argitaletxea: Talka.
Data: 2007-12-1.
Salneurria: 16/20 euro.
Argazki liburuarekin batera, «Irun, Zion, Lion in Dub» ere plazaratu zuen Durangoko Azokan Talka diskoetxeak.
Lanak Irun gurutzebide legez hartu eta artista ezberdinen arteko talka koloretsua dakar, dub erara sukaldatua. Aritz Sound System trebearen hitzak errepikatuz, «Duba, oinarrian dagoeneko egina dagoen kantua hartu eta berarekin jolastea da, banatu, zatitu, moztu, itsatsi eta eraldatu. Ahotsak bigarren mailan jarri ohi dira eta base erritmikoek -bateriak eta baxuak- nagusitasuna bereganatzen dute». Beraz, Bob Marleyren matxinadarako deiari erantzun eta hogeita bi atal bildu ditu, asko Muguruzaren bandako musikarien beste taldeek prestatuak.
Parte-hartzaileen artean, Manu Chaoren taldekideek osatutako Pirates Urbains, Amparanoia taldeko musikari batzuk, tartean Amparo Sanchez bera, edo Kinky Beat et Radio Bemba bartzelonar tropeleko musikariak.
Etxekoen artean, Andoaingo Inoren Ero Ni (Abregotarren banda) eta Irungo Bad Sound System eta Lisabo, azken hau ez ohiko norabide sonikoan. Xabi Solanoren Esne Beltza taldea, Joseba Ponceren Djak Sutara eta Iñaki Yarrituren Bassque Dub Foundation, beste askoren artean.
Atzerritarren artean, Neil Perchen Zion Train, Mungo´s Hi Fi eskoziarrak, Bristolgo Rob Smith, Boloniako El Rude eta Clive Hunt jamaikar izarra.
Talka diskoetxearen aurreikuspenei dagokienez, udaberri aldera argitaratuko dute Sorkun kantariak Kalifornian grabatuko omen duen bere hirugarren lana.
A. BILBAO