GARA > Idatzia > Euskal Herria

«Erdiz gaiaren inguruan jendearen gehiengoak arduraz eta heldutasunez jokatu du Baztanen»

EAE-ANV taldea Baztango Erdiz inguruarekiko arduratua agertu da, eta bailaran dituen ordezkariek hainbat ekimen jorratu dituzte. Erdiz Bizirik plataformak Baztango sektore anitz biltzen ditu, baina instituzioetan parte hartzeko aukerarik ez zaio eman. Hori salatu dute, eta udalean, batzar nagusian eta herri galdeketa eratzeko lantaldean herritarren borondatea defendatzeko konpromisoa erakutsi du Baztango EAE-ANVk.

Jasone MITXELTORENA

Erdiz parajea 1.000 metroko altueran izatea lekua hain berezia izateko ezaugarrietako bat da. Urtean zehar bertan sartzen diren abelburuen kopurua ere aipagarria da: 400 ardiki, 350 behiki eta 140 behorki. Nekazaritzan duen garrantzia azpimarratu dute Baztango EAE-ANVko Mari Karmen Irungarai, Ernesto Prat eta Julen Mitxeltorena kideek, eta hori egun batetik bertzera aldatzea ezinezkoa dela ohartarazi du: herri lurrak direnez, nekazariekin Baztango Ordenantzen bidez adostutako hitzarmenak zehazten du lur horien erabilera, eta hitzarmen horrek iraun bitartean, lur horiei ezin zaie bertzelako erabilerarik eman; hitzarmena bertan behera utzi beharko litzateke.

Azaldutakoak Erdiz-en garrantziaren zantzua ematen dute. Horiek eta bertze batzuk kontuan hartuta, afera honen dimentsioari izugarri iritzi diote, eta horregatik «gaiaren inguruan Baztanen jendearen gehiengoak arduraz eta heldutasunez jokatu duela» nabarmendu nahi izan dute. Hala ere, «udala osatzen duten NaBai eta UPN alderdiak Magnaren alde agertzeak kezka eta mesfidantza» sorrarazi omen ditu herritarren artean. Horren adierazle da Erdiz Bizirik plataforma, gaiaren eztabaida eragin eta Elizondon inoiz egin diren mobilizaziorik jendetsuenak lortu dituen mugimendua.

Erdiz-en aferan baztandarrek erabakitzeko ahalmena izatea mahai gainean jartzea posible egin du presio horrek, baina EAE-ANVk ohartarazi duenez, «plataforma ez da instituzioa, eta ez du informazio guztia emateko nahikoa euskarri. NaBai-k ez du plataforma onartzen. Gure taldea ere, apartheida dela-eta, kanporatua izan da instituzioetatik, baina afera honen eztabaida prozesuan sartzen utzi dute». Alderdi horrek, Erdiz Bizirik plataformarekin eta erreferenduma eskatu zuten bortz alkateekin bat egiten du herritarrek erabaki dezatela aldarrikatzean, eta horregatik, batzar orokorreko kideei herri galdeketa zehazteko lantaldea osatzea proposatu zitzaienean, bide hori zuzen jorratzeko bertan parte hartzea erabaki zuen EAE-ANVk. Lantaldea herri galdeketa hori nola egin behar den adosteko sortu da. NaBai, UPN eta EAE-ANV alderdietako zinegotziak eta bi alkate udalburu biltzen dira bertan. Dena dela, EAE-ANVk Erdiz Bizirik plataforma prozesu horretatik kanpo gelditzea gogor gaitzetsi du: «Beraiei esker sortu zen herri borondatearen aldeko prozesua, eurak izan dira eztabaida sortzearen eragileak, eta beraz, eztabaidaren prozesuan plataformaren ekarpena ezinbertzekoa da».

herri galdeketa

Joan den urriaren 1ean ospatu zen batzar orokorrean NaBai-k Magnaren proiektuari alegazioak jarri eta Nafarroako Gobernuak erabakitakoa ontzat emateko proposamena aurkeztu eta bozkatu nahi izan zuen. Bortz alkate udalburu ez ziren konforme agertu eta atera egin ziren. Erdiz Bizirik plataformak ere protesta egin zuen eta bertan behera gelditu zen proposamena. Alkate horiek, udalaren jarrera ikusirik, herritarren borondatea bermatzeko herri galdeketa egiteko asmoa agertu zuten. Plataformak aldarrikapen horrekin bat egin zuen, eta hori eskatu zen azaroan egindako manifestazio jendetsuan ere. Sinadura bilketa egin zen, 1.009 izen lortuz, eta prozesua aitzinera doa. NaBai-ren jarrera erabat aldatu da hilabete hauetan: azaroan publiko egin zuen bertze modu bateko herri galdeketa egiteko proposamena, nahiz azkenean ez zuen batzar orokorrean aurkeztu. Erreferenduma ez du onartu nahi izan udalak. Azkenean, herri galdeketa egitekotan, hori nola egin erabakitzeko eragile guztien arteko adostasuna bilatzea beharrezkotzat jo da. Horretan daude, eta gaur, ortzeguna, egitekoa da bilera.

NaBai-k «atzera egin» omen du hainbat puntutan. Berak aurkeztutako herri galdeketan herri bakoitzeko bozka bat proposatu zen, hainbat sektorek «herritar bat, bozka bat» aldarrikatzen zuten bitartean. Bertzetik, galdeketa gidatzeko kanpoko eragileak deitzea proposatu zuen, eta hori ere bertan behera gelditu da. EAE-ANVk nabarmendu duenez, «elkar ulertu eta gatazkak gainditzeko borondatea agertuz gero, adostasuna erraz etorriko da». Hala ere, horretara iristeko «talde guztiak egotea, plataforma barne, ezinbertzekoa dela» oroitarazi dute.

Beraien hitzetan, Magnarena bezalako egitasmoak «Erdizagako parajea konpon ezinezko egoeran utziko luke eta EAE-ANVk haren defentsan arduratsu jokatzen segituko du, orain arte bezala, gogotsu eta tinko».

 

sinadura

Erreferenduma egiteko 650 sinadura inguru behar ziren, eta egitasmoa abiatu duten alkateek are gehiago bildu ahal izan dute.

Traba guztien gainetik, Baztango EAE-ANV herriaren alde lanean eta parte hartzen ari da

«Madrileko lege faxistak tartean eta NaBai etA UPN alderdiek egiten duten apartheid politikaren gainetik, ia 700 herritarren babesa (bi zinegotzi) jaso genuen eta horrekiko guk hartutako konpromisoari eusten diogu». Horrela azaltzen du Baztango EAE-ANVk bere jarduera. Udalak oharkabe pasatzea nahi lituzkeen hainbat kontu azaleratzen ditu talde honek, hura «kontra egiten dion jarrera eta ekimen orori atea ixten» saiatu arren, eta eztabaidetan parte hartzen du, herritarren borondatea errespetatuko dela bermatuz . J.M.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo