GARA > Idatzia > Kultura

Munduko ikus-entzunezko saioen erakusleiho izango da Biarritz

Urtarrilaren 22an abiatuko da Biarritzen ikus-entzunezko saioen 21. FIPA jaialdia. Hamabigarren aldia izanen da Biarritzen iragaten dena, eta urtarrilaren 27a arte iraunen du Europako telebista programen jaialdi garrantzitsuenak. Aurten, 31 herrialdeetatik etorritako 59 programa lehiatuko dira fikzio, serie, dokumental, gizarte gaietako erreportaje eta musika eta ikuskizunen sailetan. Horrez gain, Suediako telebista aztertuko da, horretarako egun oso bat hartuta.

p046_f01_.jpg

Eneritz ZABALETA | BAIONA

Urtarrilaren 22tik 27ra iraganen da, ikus-entzunezko saioen 2008ko FIPA jaialdia. Hamabigarren aldiz, Biarritzen eginen da nazioartean gero eta sona handiagoa lortzen ari den jaialdi hau. Aurtengoan, 1.756 programa jaso dituzte antolatzaileek, eta horietatik 59 aukeratu dituzte jaialdiko lehiaketa ofizialean parte hartzeko. Lehiaketa bost sailetan banatuko da, eta aldi oro, urrezko eta zilarrezko FIPA sariak banatuko dira sail bakoitzean: fikzioak, telesailak, dokumentalak eta entseguzko sorkuntzak, baita ere gizarte, musika eta sormen arloko erreportajeak.

Lan guztiak ikusi ahal izateko Biarritzeko sei gune erabiliko ditu aurten jaialdiak. Bellevue auditoriuma, Kasinoa, Gare du Midi aretoa, Royal zinema, Koliseoa eta Mediateka izanen dira leku horiek. Gelak goizeko 9.30etik 23.30era arte zabalik egonen dira, eta etengabe lanak erakusten jardungo dute.

FIPA telebista programei eskainitako Europako jaialdirik garrantzitsuena da, eta nazioartean duen sona handia areagotzen doa urterik urte. Aurten, 31 herrialdetako lanak lehiatuko dira lehiaketa ofizialean.

Ekoizleen topagune

Gainera, FIPA jaialdi hutsa baino gehiago da. Izan ere, Europako, eta munduko telebista programen saltoki handienetarikoa da. Ikus-entzunezko lanak ezagutaraztera heldu diren zuzendarien, eta telebista programak erostera datozen ekoizleen arteko topagune handia da jaialdia. Orotara 2.300 dira FIPAra hurbilduko diren ikus-entzunezkoen arloko profesionalak. Horien beharrei erantzuteko, aurten ere Fipatel deitu ekimena iraganen da lehiaketarekin batera. Fipatel ekimenean, 84 tresna ezarriko dira profesionalei 230 telebista saio nahi dutenean ikusteko aukera emanez. Lehiaketaz kanpo dauden lanei ere produktoreengana iristeko bidea erraztea da horren helburua.

Bestalde, aurtengo FIPAk ez dio ihes eginen Estatu frantseseko telebistako testuinguru nahasiari. Sarkozy lehendakariak telebista kate publikoetan publizitatea debekatzeko duen asmoak polemika sortu du. Diru iturri horiek moztuz, France 2 katearen pribatizazioa prestatu nahi duelako susmoa hedatu da, eta eztabaida bizia dago ikus-entzunezkoetako antzezleen artean. Christine Alabannelle, kultura ministroa FIPAn egotekoa zen, bertako eztabaida batean parte hartzeko. Baina, azkenean ez da etorriko ministroa, ofizialki, Angulemako komiki jaialdira joan beharra duelako. Baina, testuinguru horretan, publizitatearen eztabaida saihesteko asmoa ere sumatu dute anitzek.

EPAIMAHAIA

24 lagunek osatuko dute aurtengo FIPAko epaimahai mardula. Epaimahaiko kideak, 16 herrialdetatik etorriak dira, eta haien artean kazetariak, aktoreak, produktoreak eta errealizadoreak aurkitzen dira, hala nola, Jacques Renard, Lucia Sanchez, edo Istvan Szabvo.

Donostiara ere hurbilduko da aurtengo fipa jaialdia

FIPA jaialdiak Donostiara hurbiltzeko indar berezia eginen du aurten. Izan ere, bi partaidetza lan izanen dira aurten FIPA eta Donostiako kultura eragileen artean. Lehena, Donostiako zinemaldiarekin eta Ibaia elkartearekin egindako partaidetza da. Bigarrena, Donostiako Tabacalerarekin.

Iaz bezala, FIPAk, Zinemaldiak eta Ibaiak nazioarteko eskualde arteko koprodukzioen egunak antolatuko ditu. Errealizadore gazteei lanak aurkezteko deia egin zaie, eta FIPA denboran hautaketa egin ondotik, lanak produktoreei aurkeztuko zaizkie. 62 proiektu aurkeztuko dira aurten formula horretan, horietatik bat, hego eta ipar Euskal Herriko koprodukzioa.

Baina aurtengo berrikuntza, FIPA eta Tabacaleraren arteko partaidetza da. Partaidetzari esker, sail bakoitzeko aurtengo urrezko eta zilarrezko FIPA saridun lanak Donostiako Tabacaleran ikusten ahalko dira.

Datorren urtarrilaren 27an, igande iluntzean 18.00etatik aurrera iraganen da proiekzioa, eta sarrera doakoa izanen da. E. Z.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo