GARA > Idatzia > Ikusmira

Beste heriotza bat kartzelan, ahanzturan

Espetxe Erakundeetako Zuzendaritza Nagusiak atzo egiaztatu zuen larunbatean emakume bat hilik agertu zela Langraizko kartzelako ziega batean. Ez da hilabete beste emakume bat kartzela berean hil zela. Oraingoan ere informazio hutsuneak sumatzen dira. Berriro ere puntu ilunak. Eta gogorarazi beharra dago presoen alde lan egiten dutenek kartzeletako bizi baldintzak, Langraizkoak bereziki, salatu izan dituztela behin eta berriz. Areago, Salhaketak aspaldi eskatu zuen Langraizko emakumezkoen moduluaren kautelazko itxiera, haren baldintza kaskarrak direla-eta. Orokorrak dira baldintza kaskarrok, eta emakumezkoen kasuan are kaskarrago bihurtzen dira, gizonezkoentzat eraikitako inguru batean bizi behar izateagatik.

Heriotza hau ez da gertakari bakana izan, arazo gero eta larriago baten azken lagin tragikoa baizik, egiturazko arazo baten ondorio. Eta gertakariek maiztasun ikaragarriarekin erakusten dute espetxe erakundeetako arduradunek ez diotela behar bezala heldu arazoari. Oraindik ez dute azken heriotzaren kausa jakinarazi, baina heriotza guztien atzean, birgizarteratzearen aldeko diskurtso hutsak estalita, utzikeria, mespretxua eta ahanztura antzematen dira. Bada garaia bere burua demokratikotzat duen gizarte bateko erakundeek pertsona guztiei, presoei ere bai, dagozkien eskubideak begira ditzaten, eta hori egin ez dutenean, erantzukizuna beren gain har dezaten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo