Errealzalea, bide honetatik, «You'll Walk Alone»
Liverpool futbol taldearen ereserkiak honela dio: «You'll Never Walk Alone» (Sekula ez zara bakarrik ibiliko). Futbolzalea ez denari ere zirrara egingo dion indarraz abesten dute hango jarraitzaileek abesti hori. Horrexegatik ditu talde ingelesak jarraitzaile ugari gure artean, batasunaren eredu delako. Une honetan, ordea, urrutira begiratu behar dute gure zaleek ereserkia horren izpiritua bizitzeko. Talde guztiek dute beren kalbarioa, baina mailak badirela argi dago. Alavesen porrotaren ondotik, Errealaren porrota etorri da. Kirol arloari begiratuz gero, taldearen egoera konpontze bidean zegoela ematen zuenean, egoerak bulegoetan eztanda egin du, Badiolaren eskutik.
Colemanek Errealeko entrenatzaile izateari utziko diola argitu du, eta, gainera, zegokion kalte-ordaina ez duela kobratuko. Auzi honi dagokionez, orain Colemani eskerrak ematea besterik ez da falta. Lehenik eta behin, egindako lanagatik. Harrobiaren aldeko konpromisoa erakutsi du, eta alde guztietatik egurra jaso arren, konpromiso horri eutsi dio. Gainera, Erreala uzteko orduan erakutsi duen zintzotasunagatik ere eskerrak eman behar zaizkio. Berari, eta baita bere kideei ere. Hortik kanpo, aurrerantzean Donostiako taldearekin gerta daitekeena aurreikustea zaila da. Oraingoz, Liverpooleko ereserkia inbertitu dugula dirudi: errealzale, bide honetatik bakarrik ibili beharko duzu.