GARA > Idatzia > Ekonomia

Kako baserria noren esku geratuko den erabakiko du gaur SAFERek

Arantxa MANTEROLA |

SAFER landa lurren merkatua kudeatzen duen erakundeak gaur deliberatuko du Kako Ainharbeko etxaldea nork erosiko duen. Ardi esnea ekoizten duen Larrañaga laborari gaztearen eskaintza babesten dute, besteren artean, GFAM-Lurra eta Herrikoa elkarteek eta ELBk.

Aspaldian bueltaka dabilen Ainharbeko Kako baserriaren jabegoa noren esku geratuko den erabakiko du gaur Donapaleun SAFERek, besteren artean, landa lurren salerosketen merkatua kudeatzen duen erakunde ofizialak.

Luzaroan Joseph Godementek ustiaturiko baserria salmentan jarri zuen jabeak, duela hiru urte maizterra zendu ostean. Bere alarguntsak erosketari aurre egin ezinik, bertan azken bi urteotan lanean ari diren Fred Larrañagak eta bere bikotekideak azaldu zuten Kako erosteko asmoa. Alta, SAFERek ez dio orain arte bikotearen eskaintzari oniritzia eman, beren proiektua aski sendoa ez dela iritzita. Are gehiago, beste erosleak bilatzen saiatu izan da. Orain hiru eskaera daude mahai gainean: Larrañagarena, lurrik gabeko artzain bikote batena (Gilles Gachen eta Lidia Lahorgue) eta Tarn departamenduan ardi aziendaduna belar-bazka egiteko.

Larrañagak sostengu ugari jaso ditu bere proiektua finkatzen lagundu dioten erakunde eta sindikatuen aldetik. Hala, ELB argi eta garbi azaldu da Zuberoako herriko etxaldea berari sal diezaioten. Laborarien sindikatuak kritikatu egin du, gainera, SAFERek hartu duen jarrera eta aurreko ustiatzailea -Godement- ELBko kide izateagatik halako «mendeku-hartzea» ez ote den susmoa du.

Proiektu «egokiena»

GFAM-Lurra etxaldeak laborantzan jarraituko dutenen esku jartzeko obratzen duen elkarteak ere eroslegai egokiena dela uste du. Herrikoa, finantzazio iturriak ahalbidetzen dituen elkartea ere bere alde agertu da eta, GFAM-Lurrak egin bezala, SAFERi eskatu dio kontuan har dezala ez dela Larrañagaren ogibidea jokoan dagoen bakarra, Aizkorri gaznategian lan egiten duten hogei familiarena ere bai.

Izan ere, Larrañaga kooperatibaren hornitzaile nagusietarikoa da, eta bere proiektua bertan behera geratzen bada «Zuberoan azken 15 urteotan eraiki den nekazaritza elikagaien enpresa bakarra arriskuan jarriko» dela adierazi du Herrikoak.

«Dirdira duen guztia urrea ez den bezala, zuria den guztia ere ez da Aizkorrirako balio duen esnea» gaineratuta, laborantza iraunkor eta orekatua bultzatzen duen orori Larrañagaren proiektua babesteko eskatu dio Herrikoak, «eskaintzarik handiena, azkarrena eta aberatsena egiten duenari soilik ez begiratzeko» eskatuta.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo