GARA > Idatzia > Euskal Herria

Lapurdin zehar alternatiben itzulia eginen dute Foro Sozialeko ordezkariek

Aurtengo Munduko Foro Sozialak ekintza ikusgarriak lehenestea erabaki duen honetan, hainbat gairi buruzko hausnarketa egiteko, Lapurdin barna Alternatiba-Erresistentzia Tour-a antolatu dute Foroko kideek.

p023_f01.jpg

Eneritz ZABALETA |

Urtarrilaren 26an, Lapurditik barna erresistentzia eta aldarrikapen itzuli bat antolatuko dute Foro Sozialeko kideek. Munduko Foro Sozialeko mobilizaziorako deiari erantzunez, egun betea antolatu dute Euskal Herriko Foroko kideek.

Egitaraua osatzen duten ekitaldiak goizean abiatuko dituzte. 10.00etan, Baionako San Andres plazatik hasiko dute Lapur- diko itzulia. Itzulian zehar, Ipar Euskal Herriari eragiten dioten gaiak, eta, aldi bereran, nazioarteko borroka altermundialis- tan txertatzen direnak landuko dituzte. Esaterako, goizean, ur kudeaketa eta arrantzaleen arazoak landuko dituzte: «Ura nazioarteko gatazken muina da. Bestalde, gure herrialdean, konpainia pribatuek kudeatzen dute ura. Onargarria al da halako ondasuna esku pribatuek kudeatzea?», erran zuen Amaia Fontang Foroko kideak.

Uraren gaiarekin egin bezala, itzuli honetako gaiak mundu mailako arazoak eta tokian tokikoak uztartuz landuko dituzte. Horrela izanen da JAOen inguruan, Estatu frantsesean Monsasnto 810 klasearen ekoizpena geldiaraztea erabaki den arren, eta inportazio produktuak direla-eta, JAO kontsumoa gaurkotasun handiko gaia baita. Etorkinen gaiaz, eta Uztaritzeko AHT bidearen inguruan, gure garraio ereduaren zilegitasunaz eztabaidatuko dute itzulian.

Denetariko ekintzak

Behin Baionatik abiatuta, denetariko ekitaldiak ikusi ahalko dira egun osoz. Horrela, Angeluko hondartzan ATTACeko kideek uraren kudeaketari buruz mintzo den salaketa antzerkia eskainiko dute. Eguerdian, Urruñako Berttolin Itsas Geroa arrantzale elkarteak arrantza intentsiboaren kalteen eta kalitatezko arrantzaren inguruko hitzaldia emanen du. Arratsaldean, Hendaiako etorkinen harrera zentroaren aitzinean, elkarretaratzea eginen dute. 16.00etan, Kanbon, Anti-OGM kolektibo- ko kideek ekintza berezi bat egingo dute. Eguna burutzeko, Uztaritzen mintzaldia izanen da AHTren eta garraio ereduaren inguruan.

Lapurdin egingo duten aldarrikapen itzuli hau mundu osoan egun horretan egingo diren ekitaldi egitarauen barruan txertatuta dago. Urtarrilaren 25ean Davoseko Foroa abiatuko da. Hor proposatzen den eredua salatzeko asmoz jarri da martxan ekintza egun handi hori mundu osoan zehar. Lapurdiko hau ordea, ez da Euskal Herrian eginen den ekintza bakarra. Izan ere, orotara bost ekintza daude programatuta, besteak beste Gasteizen eta Donostian. Mundu osoan zehar, milaka ekintza egingo dira, gehienak Europan eta Hego Amerikan.

fagor eta brandt

Larunbat honetarako Foro Sozialak eta LAB sindikatuak kooperatibismoaren inguruko zine-eztabaida antolatu dute Baionako Beste Zineman, Fagor eta Brandten arteko erosketa kasutik abiatuta.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo