GARA > Idatzia > Kirolak

TENISA Australiako Irekia

Nadalek ez du arazorik izan Florent Serra kanporatzeko

GARA | MELBOURNE

Roger Federerrek bezperan erakutsi nagusitasunaren ondotik, Rafa Nadalek ere nahiko erraz irabazi zuen Australiako Irekiko bere bigarren partida, aurrenekoa baino azkarrago. Suitzarraren bidetik, ATP zerrendako bigarrenak errez bota zuen atzo Melbournen aurkitu bigarren arerioa. Florent Serra frantsesa hiru setetan garaitu zuen, 6-0, 6-2 eta 6-2ko emaitzaz.

Urte hasiera honetan bere egoera fisikoa dela-eta zenbait zalantza piztu baditu Manacoreko tenislariaren jokoak, erabat uxatu zituen atzokoan, ez baizion Nadalek aukerarik txikiena eman Serrari. 94 minutuan egin zituen arerioarekikoak.

Izan ere, faboritoek ez zuten lan txarrik izan atzokoan eta, hala, Andy Roddicek ere zailtasun handirik gabe, 6-2, 6-2 eta 6-4ko markagailua erdietsiz, bota zuen bere aurreneko aurkaria: Michael Berrer alemaniarra.

Aurreneko bi setetan estatubatuarrak bere sake bortitza erabili zuen aurkaria airean menperatzeko, baina hirugarrenean 0-3 aurreratu zen Berrer. Hala ere, ez zuen Roddickek asko sakatu beharrik izan markagailuari buelta emateko. Ondorioz, azken zazpi jokoetatik sei eskuratuz, seta eta partida ere eskuratu zituen lehiaketako seigarren serie-buruak.

Gainontzeko serie-buruek ere, Hala nola Nikolai Davidenko, Mardy Fish edo Richard Gasquetek ere hiru setetean eta asko behartu gabe irabazi zituzten beren neurketak.

Sharapova arazorik gabe

Emakumeen artean, berriz, Maria Sharapova eta Lindsay Davenporten arteko partidak ikusmina sortu zuen, baina ez zuen kolorerik izan. Sharapovak aurkari estatubatuarrari egundoko jipoia eman zion eta bi setetan, oso errez, 6-1 eta 6-3 gailendu zitzaion. Aurreneko saketik hasita, tenislari errusiarrak nahi izan zuen guztiak egin zuen Rod Laver Arena pistan.

Arazo gehiago izan zituen WTA zerrendako aurreneko serie-buru Justin Heninek. Waloniarrak Olga Poutchkova errusiarra 6-1 eta 7-5 meperatu zuen.

Gaurko jardunaldiari dagokionez, Federerrek Fabrice Santoro izango du aurkari eta Novak Djokovic hirugarren zerrenda-buruak Italiako Simone Bolelli. Emakumeei dagokienez, aldiz, Svetlana Kuznetsovak Tsvetana Pironkova bulgariarra izango du aurrez aurre eta Ana Ivanovicek Tathiana Garbin.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo