18/98 auziagatik espetxeratutako lau preso politiko bakartu dituzte
Askatasunak atzo jakinarazi zuenez, 18/98 auziagatik espetxeratutako Karlos Trenor, Xabier Balantzategi, Ruben Nieto eta Txente Askasibar euskal preso politikoak kartzelan bakartu egin dituzte.
GARA |
Urte hasieran Xabier Alegriaren senideek ezagutarazi zuten moduan, Puerto III kartzelara eraman ondoren 18/98 auziagatik espetxeratutako beste lau preso politiko bakartu egin dituztela salatu zuen atzo Askatasunak. Karlos Trenor, Xabier Balantzategi, Ruben Nieto eta Txente Askasibar dira amnistiaren aldeko erakundeak jakinarazi zuenez, 75. artikulua aplikatuta, kartzela ezberdinetan bakartze egoeran dauden euskal presoak.
Karlos Trenor esaterako, Puerto I espetxean dago preso eta donostiarrari 75. artikulua aplikatu diote egun batetik bestera, inongo arrazoirik gabe. Horren ondorioz bakartuta dago, kartzelan isolatuta.
Xabier Balantzategi preso durangarra ere bakarturik dago Valdemoro espetxean, preso sozial baten ziega berberean egotea onartu ez duelako, hain zuzen ere.
Ruben Nieto preso bilbotarra berriz, Murtziako espetxean dago eta, halaber, bakartu egin dute. Askatasunak adierazi zuenez, funtzionarioek espetxea masifikaturik dagoela argudiatu dute bakarturik edukitzeko eta ez dakitela handik mugitu ala bertan utziko duten. 18/98 auzia-gatik espetxeratutako Txente Askasibar preso bilbotarra ere, Topas espetxera iritsi zenetik bakarrik dago moduluan.
Beste alde batetik, Aner Mimenza eta Borxa Urberuaga preso politikoak bakartuta jarraitzen dutela adierazi zuen errepresioaren aurkako antolakundeak. Lehengo urteko abenduan Espetxe Erakundeetako zuzendari Mercedes Gallizok Soto del Real espetxera egin zuen bisitaldian gauzatutako protestaren ondorioz daude bakarturik Mimenza eta Urberuaga.