Gaixotasun larria izan arren, askatasuna beste behin ukatu diote Ion Agirre aramaioarrari
GARA |
Askatasunak jakinarazi zuenez, Ion Agirre euskal preso politikoari askatasuna ukatu diote beste behin ere. Agirrek 26 urte daramatza espetxeraturik eta gaixotasun larria izan arren, Zaintza Epaitegi Zentralak askatasuna ukatu berri dio.
Aramaioko presoak 64 urte ditu eta osasun arazo larriak: artrosi orokortua, diabetea, alde biko miopia hi- perkolesterolemia, hiperglizeridemia eta miokardioko bihotzeko larria izateko arriskua du.
Gainera, legez kalean egon beharko luke, aspaldi bete baitzituen epaitegiek ezarritako zigorraren hiru laurdenak. Baina, legediaren azken aldaketak direla-eta, zigor osoa beteta ere, ez da kartzelatik irtengo espetxe zigorren luzatzearen ondorioz.
Hain zuzen ere, Auzitegi Goreneko 197/2006 sententziaren irizpidea aplikatuz, Agirre 2011 arte ez askatzea erabaki du Auzitegi Nazionalak. 2006ko urriaren 28an bete zuen espetxe zigor osoa, baina kaleratze data 2011ko maiatzaren 3ra atzeratu diote, 30 urteko zigorra osorik bete arte.
Aramaioko presoa bezala beste 12 euskal preso politiko espetxean daude gaixotasun larri eta sendaezinekin. Kaleratzea eskatu izan dutenean 92. artikuluaren aplikazioa dela-eta, ukatu egin diete.