GARA > Idatzia > Euskal Herria

Bilgune Feminista: «Noiz izango gara jaietako protagonista?»

Euskal Herriko Bilgune Feministaren iritziz, Donostiako danborradak festa matxista eta elitista izaten jarraitzen du. Hortaz, andreen parte hartzea bermatzeko gaurtik konpromisoak hartu, neurriak ezarri eta beharrezko aldaketak egin ditzan exijitu dio emakumeen mugimenduak Donostiako Udalari, eta eskubideen alde borrokan jarraitzeko deia egin die herritarrei.

p023_f02.jpg

Maider IANTZI |

Hemendik ordu gutxira danbor doinuak gailenduko dira Gipuzkoako hiriburuan eta Euskal Herriko bertze herri batzuetan, eta besta lehertu aitzinetik Bilgune Feministak bere ikuspuntua eta aldarrikapenak azaldu nahi izan ditu. «Donostiako festarik herritarrenek matxistak eta elitistak izaten jarraitzen dute», baieztatu zuten Idoia Trenor eta Iñargi Murua bozeramaileek atzo, udaletxearen kanpoaldean emandako prentsaurrekoan.

Salatu zutenez, udalak jaiaren hasiera eta bukaera «historikoki matxistak diren elkarte batzuen esku» utzi du, emakumeak oraindik «gonbidatu hutsak» dira eta, gainera, «diru laguntzak ez kentzeko helburu bakarrarekin» lotzen da euren gutxieneko presentzia.

Duela hiru urteko jaietan aurrerapauso txiki bat eman zela oroitarazi zuten, hainbat emakumek lehenbiziko aldiz jo ahal izan baitzuten upela oholtza gainean, «urtero jotzeko pribilegioa duten gizonek gonbidatuta». «Baina nor engainatu nahi dute berdintasun itxura horrekin? -galdetu zuten-. Emakumeok oraindik gonbidatu hutsak gara. Noiz izango gara gu jaietako antolatzaile eta protagonista besteak bezala? Asko geratzen zaigu jai parekideak izatera iristeko».

Zenbait eskaera

Udalaren jarrera kritikatu zuten mugimenduko kideek. Euren ustez, jaietan emakume gutxi batzuen parte hartzea bermatzea «aurpegi garbiketa arduragabe eta bistako bat» da. «Udalak ez du aurrerapauso gehiago emateko borondaterik erakutsi. Proposamenak jaso ditu urte hauetan, baina berdin segitzen dugu, ez dugu emaitzarik ikusi», gaineratu zuten. Horregatik, zenbait eskaera egin zizkieten bertako agintariei.

Lehenik eta behin, edozein sexu diskriminazioren aitzinean emakumeen eskubideen aldeko politika integrala eta eraginkorra sustatzeko exijitu zieten; zehazki, jaiei dagokienez, edozein antolaketa eta kudeaketa espaziotan andreen parte hartzea ziurtatzea ezinbestekotzat jo zuten. Alde horretatik, danborradari hasiera ematen dion banderaren igoeran protagonismoa parte hartze parekidea sustatzen duten taldeei soilik ematea eskatu zuten, emakumeak bigarren mailatik lehenengora pasa daitezen, gonbidatu soilak izatetik protagonista izatera. Urtean zehar egiten diren bertze ospakizunetan ere emakumeen ahotsari eta parte hartzeari garrantzia ematea beharrezkotzat jo zuten, txupinazioa botatzeko aukera emanez, esate baterako.

Bestalde, Donostiako historian emakumeen errealitatea ikusezina izan ez dadin neurriak hartzeko exijitu zieten udaleko kideei. Bertze ekintza batzuen artean, danborradan emakumeek duten papera, urketariarena, historikotzat hartzea eskatu zieten. Orain dela urte batzuk gizon danborrariaren eskulturaren ondoan urketariarena jartzea proposatu zieten; oraindik ez dute ideia gauzatu, ordea.

Halaber, Bilgune Feministako lagunek garrantzitsua deritzote aurrerantzean parekidetasuna lortzeko bidean udalak egiten dituen urrats eta ekimenak emakumeekin partekatzeari, herri jai parekideen eraikuntzan bultzatzaile izan direla aitortzeari. Emakumeen mugimendua bozeramailetzat hartzea eta ekimenaren bultzatzaile bezala agertzea eskatu zuten Idoia Trenorrek eta Iñargi Muruak, ez baitute nahi aldaketak isilpean bultzatzerik, gizarteari andreen presentzia helarazita baizik. Adibide bat eman zuten: urketariaren eskulturaren aurkezpenean, emakumeen mugimenduaren proposamena izan dela azaldu beharko litzateke eta ekimenean bertan egon beharko lukete ordezkariek.

Bilgune Feministak gaurtik hasita konpromisoak hartzeko, neurriak ezartzeko eta beharrezko aldaketak egiteko exijitu zion Donostiako Udalari, oholtza gainean eta festan oro har emakumeen parte hartzea eta protagonismoa bermatzeko.

banderaren igoera

Donostiako danborradari hasiera ematen dion banderaren igoeran protagonismoa parte hartze parekidea sustatzen duten taldeei soilik ematea eskatu dio Euskal Herriko Bilgune Feministak udalari.

Instituzioen zain egon gabe, borrokan segitzeko deia gizarteari

Instituzioen «borondate onaren» esperoan gelditu gabe, Bilgune Feministak herri jai parekideak antolatzen jarraitzera animatu zituen euskal herritar guztiak, eta bereziki jai batzordeak eta donostiarrak. Emakumeengana zuzendu eta aurrerapausorik eman bada eta emanen bada euren borrokarengatik izan dela eta izanen dela oroitarazi zuten.

Donostiako danborrada Euskal Herriaren luze eta zabaleko egoeraren adibide bat baino ez da emakumeen eskubideen babesean lanean diharduen mugimendu honen iritziz. «Asko dira emakumeon parte hartzea galarazi eta tradizioaren izenean balore patriarkalak iraunarazten dituzten herrietako festak», nabarmendu zuten. Hortaz, dei egin zieten emakumeei beren eskubideen alde borrokatzeko bizitzako esparru guztietan.M. I.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo