GARA > Idatzia > Euskal Herria

Auzitegi Nazionalera bideratu dute AHTren kontra egiteagatik irekitako auzia

GARA |

Iazko azaroan Beasainen protesta egin zuten AHTren obren kontra. Ekimen baketsua izan zen, eta bertan ez zuten inor identifikatu. Hala ere, egun batzuren buruan, bi gaztek jakin zuten auzipetuta zeudela, Ertzaintzaren «begizko identifikazio» batetan oinarrituta.

Tolosako epaitegiak, gainera, bi gazte horien kontrako auzia Auzitegi Nazional bideratu du, makroproiektu honen kontrako kideak kriminalizatzeko irekitako bidean urrats berri bat emanez. AHTren kontrako mugimenduak salatu du erabaki horren atzean ekimen herritarrak zigortzeko asmoa dagoela.

Elkarretaratzea Durangon

Beste alde batetik, elkarretaratzea egiteko deia zabaldu du AHT Gelditu! Elkarlanak, Durangoko epaitegiaren aurrean astelehenean 10.30ean, epaituko dituzten bi gazteei «babesa emateko eta Abiadura Handiko Trena (AHT) gera dezaten eskatzeko». AHT Gelditu! Elkarlanaren esanetan, «desobedientzia zibilaren aurkako epaiketa» da astelehenean egingo dena.

Iazko ekainaren 1ean, hainbat gaztek ekintza baketsua egin zuten AHTren aurka protestatzeko. Trena duela 125 urte Durangora lehenengoz heldu zela ospatu zen egun hartan; «lurrun-trenez etorri ziren gure herrira Eusko Jaurlaritzako eta EuskoTreneko ordezkariak, Lopez de Gereñu Garraio sailburua tartean; pertsona bi trenbidean kateatu ziren trenaren bidaia geratzeko asmoz, eta ondoan beste batzuek pankarta zabaldu, eta informazioa emateko, herri-galdeketa egiteko eta AHT geratzeko eskatu zuten», gogoratu du Elkarlanak.

Haien ustez, «desobedientzia zibileko ekintza izan zen, guztiz publikoa eta baketsua, eta orain, trenbidean kateatu ziren lagun biak epaituko dituzte». Urte erdi igaro eta gero, «trena geratu zutenek emandako arrazoiek orduko indar bera daukate» AHT Gelditu! Elkarlanaren iritziz.

Bidalitako idazkian aipatzen denez, AHT egiteko xahutuko den dirutza «Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailaren hurrengo 50 urteetako aurrekontuaren adinakoa izango da, AHTk bultzatzen duen gizarte ereduak hirien nagusitasuna dakar herrien kaltetan, eta lur-okupazioak kalte handiak eragingo dizkio nekazaritzari», eta horren aurrean, epaituak izango diren gazteek «desarrollismoa alde batera utzi eta benetako aurrerapena aldarrikatu zuten; etxebizitzaren arazoa konpontzea, airearen kalitatea hobetzea, hurbiltasunean eta zerbitzu publikoetan oinarritutako garraio-sistema garatzea», dio Elkarlanak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo