GARA > Idatzia > Ekonomia

Kako baserrian geratuko da Larrañaga SAFERek bere alde egin ez duen arren

p033_f01139x100.jpg

GARA |

Gorabehera handiak eta istiluak izan ziren atzo, Donapaleun, Ainharbeko Kako baserria nori saldu erabakitzeko SAFER erakundeak egin bilkuraren karietara.

Goizetik 150 bat pertsona elkartu ziren, besteren artean, ELBk, Herrikoak eta GFA-Lurrak deituta. Pazientziaz itxaron zuten deliberoa, baina eguerdi aldera, Larrañagaren proiektua ez zela onartua izan (5 boz bere alde eta 6 boz Gachenen proiektuaren alde) jakin zutenean, bertara sartzen saiatu ziren. Poliziarekin talka jo zuten eta, gutxienez 15 minutuz, bultzadak nagusitu eta alde bateko gas negar-eragileak eta besteko hartxintxar jaurtiketak nahastu ziren. Polizia-hesia gaindituta, bilkura gelako ateraino heldu zen jende multzoa. Itxita zegoenez, denbora luzez aritu ziren alde batetik eta bestetik hitz egiten eta, azkenean, ordezkaritza bat -Larrañaga bera tartean- sartzen utzi zuten.

Bi orenez azalpenetan aritu ostean, delibero hori ez dela irmoa eta Mont-de-Marsanen heldu den astean egingo den Administrazio Kontseiluari dagokiola behin betiko erabakia hartzea esan zuten SAFEReko arduradunek. Bitartean, Kako baserriko jabearekin mintzatzen saiatuko dira berak erabaki dezan nori saldu.

ELBren sostengua

Halere, Larrañagak bertan jarraituko duela adierazi du, eta ELBk sostengua emango dio jarrera horretan. Etxean bizi den bitartean, legez salmenta gauzatzea ezinezkoa denez, datozen asteetan jakingo da, finean, baserria noren esku geratuko den.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo