GARA > Idatzia > Euskal Herria

EEPk 2008ko aurrekontuak eta egitasmoak aurkeztu ditu

EEPk Aholku Batzordean diren eragileei aurkeztu dizkie aurtengo aurrekontuak eta egitasmoak. Orotara, 2 milioi euro izango ditu 2008ko Hizkuntza Politikaren jarduerari aurre egiteko, hots, iazkoaren parekoa. Euskarazko eta euskararen irakaskuntza hedatzea eta beronen egituraketa kualitatiboa behingoz finkatzea izango ditu zeregin nagusien artean.
p021_f02_148x108.jpg

Arantxa MANTEROLA |

Urtearen hasierarekin bat, Euskararen Erakunde Publikoak (EEP) aurten egin asmo dituen ekimenak eta horretarako zehaztutako aurrekontua aurkeztu zizkien, Baionan, Aholku Batzordeko kideei.

Guztira, bi milioi euro inguruko aurrekontua izango du aurten, gutxi gorabehera iazkoaren adinakoa. Horietatik 1,5 milioi euro Estatuak (%30), Akitaniako Kontseiluak (%30), Paueko Kontseiluak (%30) eta Herri Elkargoak (%10) jarriko dituzte. Gainerakoa, berriz, Eusko Jaurlaritzak jarriko du, EEPko Max Brisson lehendakariak zehaztu zuenez.

Aurrekontu gehigarria

Urtean zehar proiektu edo egitasmo bereziren bat sortuko balitz aurrekontu gehigarri bat izateko aukera ez zuen baztertu Brissonek, betiere, funtsen ekarpena Estatua, Akitania eta Departamenduaren artean zati berean banatutakoa izango dela adierazita.

Diru horrekin 2006ko abenduan abian jarritako Hizkuntz Politikaren garapena bermatu beharko du EEPk. Egituraren beraren funtzionamendurako gastuak kenduta, 1.6 milioi euro erabiliko dira euskalgintzan diharduten elkarteei banatzeko (1.020.000), ikas materiala argitaratzeko (300.000), tokiko eragile publikoak diruz laguntzeko (120.000) edota EEPk berak egiten dituen proiektuak gauzatzeko (120.000).

Jean-Claude Iriart EEPko zuzendariak Hizkuntz Politika osatzen duten 12 ataletako ekimen garrantzitsuenak aipatu zituen. Horien artean, euskarazko eta euskararen irakaskuntzaren hedapena eta datorren ikasturterako ziklo eta eremu guztietan eskaintza egonkortzea eta handitzea izango da ekimenik nagusienetarikoa.

Horrekin batera, euskarazko irakaskuntzaren egituraketa kualitatiboa behingoz finkatzea eta onartzea du helburu EEPk. Hain zuzen ere, hil honen amaierarako prest izatea espero du Max Brissonek. Datorren astean, Akademia Errektorearekin bilkura izango dute eta, euskalgintzako eragileei aitzin aurkezpena egin ostean, 30erako Hezkuntza Ministerioarekin urte anitzeko programazioaren barnean hitzarmena sinatu beharko lukete.

Seaskarekin akordioa

Seaskari dagokionez, Hezkuntza Ministeriorarekin akordio-marko bat zehazteko lanetan ari direla gehitu zuen Brissonek. Irakasle postuak banatzeko irizpideak, ikastola edo gela berriak irekitzeko prozedura eta antzekoak finkatuko lirateke aipaturiko akordioan.

Aholku Batzordeko partaideek egindako hainbat eskaera onartu zituen EEPk, besteren artean, tokiko telebistak ezartzeko irizpideetan euskara kontuan hartua izan dadila bultzatzea; komunikabide erdaldunetan ere euskara sustatzeko Lan-batzordea sortzea; ebaluaketa-sistemak zehaztea eta biztanleriaren errolda egiterakoan hizkuntzaren ezagutzari buruzko galdera berriro ezartzen saiatzea.

Hizkuntzen Kartaren onarpena, berriro ere, beste baterako

53. aldiz 1958tik, Frantziako Asanblea Nazionalak atzera bota du hizkuntz gutxituak Konstituzioan aitortuak izateko aukera.

Marc Le Fur UMPko diputatu bretoiak eta Asanbleako lehendakari ordeak, bere taldeko 60 diputatuen babesarekin Hizkuntzen Karta sinatzeko aurkeztutako emendakina zein PSko Marylise Lebranchuk «hizkuntz erregionalen errespetuan» esaldia 2. artikuluari eransteko pausatutakoa atzera bota zituzten.

François Fillon lehen ministroak «une egokia» ez zela erranez, UMPko taldean presio egin du. Daniel Poulou alde bozkatzeko prest azaldu zen arren, men egin dio eta Jean Grenet, berriz, bozka egin zenerako joana zen. Udal-bozak amaituta, gobernuak Europako Hizkuntzen Karta onartuko duela agindu du Fillonek. Ikusiko... IA.M.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo