Leb liga | Bruesa GBCek aurreneko itzulia amaituko du
Sailkapeneko azkenaren aurka, lidergoa berreskuratzea da Donostiarren xedea
GARA | DONOSTIA
Illunben, gaueko 21.00etatik aurrera ekingo dio Bruesa GBCek LEB Ligako aurreneko itzuliko azken jardunaldiari. Lleidako neurketa garrantzitsua irabazi ostean, lidergoa berreskuratzea dute xede donostiarrek, CAI taldetik garaipen bakarrera baitaude.
Aurkaria ere aproposa da garaipena erdiesteko: Union Baloncesto La Palma; LEB Ligako sailkapeneko azkena, alegia. Bide batez, Pablo Lasorenek Kanarietako taldeen aurka orain arte izan duten bolada txarrari amaiera emateko aurkari ezin hobea dirudi. Hamasei partidatik hiru baino ez ditu irabazi, etxean hirurak, eta joan den astean, etxean hori ere, Tenerife Ruralen aurkako derbian galtzaile izan zen 80-99.
Txikien aurrean eskasago
Dena dela, Pablo Laso entrenatzailea ez da aurkariaz fidatzen, eta are gutxiago bere taldeak ligako behealdean daudenen aurka erakutsitako jokoa ezagututa.
«Oker geundeke jokatu aurretik neurketa bat irabazitzat joko bagenu», esan zuen entrenatzaile gasteiztarrak asteroko prentsaurrekoan.
«Ligako `onenei' irabazteko gai izan gara lehenengo itzulian. Arazorik larrienak, ordea, sailkapeneko behean dauden horiekin izan ditugu. Baliteke arazook mailaren parekotasuna dela-eta izatea, baina nik uste sarritan kontzentrazio falta ere nozitu dugula. Illunben jokatzeak, emango al digu irabazteko beharrezko den motibazioa?», adierazi zuen.