GARA > Idatzia > Kirolak

AIZKORA

Unai Otañori bi urteko zigorra ezarri diote positibo emateagatik

J.L. | DONOSTIA

Atzo jakinarazi zuen Herri Kirol Federazioak Unai Otaño aizkolariari jarritako zigorra. Ibarrakoak, bi urtez egon behar izango du geldirik, eta 2009ko azaroaren 19ra bitarte ezin izango du inongo lehiketatan parte hartu.

Berak irailaren hasieran Gipuzkoako maila nagusiko txapela jantzi zuen, baina ondoren dopinaren aurkako kontrolean positibo eman zuen, bai eta berak eskatutako kontranalisian ere. Horregatik, Federazioak, kautelazko neurriz lizentzia kendu zion azaroaren 19an.

Bartzelonako IMIM laborategietan egindako probetan, galarazita dagoen metilfenidato aztarnak agertu omen ziren, eta baita osagai honen metabolitoa den azido ritanilikoa ere, beti ere Federazioak atzo ezagutzera eman zuenaren arabera.

Bi urteko zigorraz gain, Ibarrakoak Gipuzkoako Txapelketan lortutako txapel, garaikur eta gainerako sariak ere itzuli beharko ditu. Ebazpena jaso ondoren, aizkolari gipuzkoarrak helegitea jartzeko bost eguneko epea izango du.

Nahiz eta Federazioak kautelazko neurriz lizentzia kendu zion, Urrezko Aizkoran lehiatzen aritu da, bertako antolakuntzak garbi baitzuen, zigorra ofizial egin arte, Egur Sportek ezin ziola parte hartzea debekatu. Hori bai, behin erabakia hartuta, lehiaketa horretatik ere kanpo geratuko da, eta Lasak kide berria topatu beharko du, aurki jokatu beharko baitu final-laurdenetako kanporaketa ere.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo