GARA > Idatzia > Gutunak

Idoia Ibero eta Saioa Olaizola Donostia

Donostiako Udala Auzitegi Nazionalarekin bat

Aurten San Sebastian egunak badu historirako beste une gogoangarri bat. San Sebastian egunak baditu herritar askoren begietan denbora luzean ahaztezinak izango diren irudi hunkigarriak. San Sebastian egunak aurten 30 urte baino gehiagoko tradizoa apurtu eta aldatu egin du.

Milaka eta milaka herritar dira Konstituzio plazako oholtzara igotzen direnak San Sebastian egunean, eta geu ere bai -euskal preso politiko donostiarren senideok eta lagunok-. Urteak daramatzagu donostiar errepresaliatuen presentzia bermatzen. Baina aurten ez da posible izan; aurten Donostiako agintariek agindu zuzena eman zieten udaltzainei: oholtzara danborrariak eta Orfeoia soilik igoko dira. Udaltzainekin hitz egin genuen, eta jakinarazi genien Orfeoiarena aitzakia hutsa zela, aitzakia hutsa gu igo ez gintezen. Udaltzainetako batek gomendatu zigun hesiak salta genitzala. Ideia benetan ederra, 60 urtetik gorako hainbat seniderentzat!

Danborrariak ailegatu, eta haiekin batera sartzen saiatu ginen, eta udaltzainak erasoa prestatzen hasi ziren, aurpegiak estali, bultzadak eman, eta antza denez, gutxi zirenez, Ertzaintzari deitu zioten. Hango triskantza ikusgarria izan zen, eta ondorioak ere bai: emakume bati sudurra hautsi zioten, ostikoak anitzak izan ziren, presoen argazkiak hautsi egin zituzten eta jendea sakabanatzen saiatu ziren, izua eta txikizioa zabalduz Konstituzio plaza inguruan.

Baina lekukoak asko izan ziren, kanpotik etorritakoak ere bai, irudiak eta argazkiak ere egon badaude, eta aurreko urteetan baino presentzia txikiagoa izan bazen ere, senide eta lagun batzuek lortu zuten oholtzara igo eta falta diren donostiarrak festaratzea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo