Joakin Balentzia Tirapu Idazlea
George Orwell eta Anaia Nagusia gurean
Orwell Nazioarteko Brigadetako kideak 36an benetako demokraziaren aldeko apustu garbia egiten du tesi-nobela honetan, bere bizitzan egin zuen moduan
George Orwellen «1984» nobela ospetsua argitaratu du Txalapartak Oskar Aranak euskaratua. Gustura irakurri dut berriro geure hizkuntzara txukun itzulia. Dirudienez egileak «Europako azken gizona» titulua ezarri zion eleberriari, baina editoreek aldatu zuten. Nik uste Orwellena egokiagoa zela, hain zuzen, 1984. urtea gaindituta baitago eta berak asmatutako distopiak edo utopia negatiboak oraindik orain gaurkotasuna dauka-eta.
1949an argitaratu zen nobela eta bigarren mundu gerra, nazismoaren aurka, denbora gutxi bukatua zela, 1948an idatzi zuen Orwellek. Beste aldetik Stalinen erregimena hor zegoen, zutik, komunismo edo gerora «sozialismo errealarena» deitu zutena. Egilearen asmo nabaria biak, bai nazismoa bai stalinismoa, kritikatzea da. Batez ere stalinismoa, Anaia Nagusiaren erretratua, bai fisikoa bai pertsonalitate-kultuarena, Stalinena baita nabarmen. Baina «1984» asmakizun literario bat da eta egilearen itxurazko asmoak denboraren poderioz gaindituta geratzen dira berriro irakurtzen denean, puskaz-puska eta mezu nagusia hartuz gero.
Masa-manipulazio guztiei buruz ari da nobelan, hori da tesi nagusia, totalitariotzat hartzen duen erregimen batean zehazki deskribatuta. Baina «Alderdia» hitza aipatzen duenean ezartzen badugu «Estatua» hitza, hainbeste antzekotasun antzemango ditugu Euskal Herrian pairatzen dugun egoerarekin, non ezin baita saihestu konparazioa: «Alderdiaren diziplinak hala eskatuz gero beltza zuria dela esateko borondate leiala esan nahi du». Hala dio Goldstein disidentearen liburuak, Winston Smith protagonistak klandestinoki irakurtzen duenak, «bikoizpentsatze» deritzon horren arabera. Smith alderdikide bat da eta disidente bihurtzen da, batez ere, Julia gaztearekin elkartzen denean estaturen aurka, baina kontradikzioak dauzka. Alde batetik, gauzak alda daitezela nahi du, inon esperantzarik bada, proletarioen baitan da-eta, baina haiek eraikiko zuten mundua ez da berarentzat. Indarra kontzientzia bihurtuko da, «proletarioak hilezkorrak ziren». Azkenean iratzarri egingo ziren. «Besteok hildakoak ginen».
Orwell ez zen profeta bat, kontzientzia aurrerakoia zuen idazlea baizik. Liburuan ohartarazten du estatuaren menpe gauden bitarteko arriskuez, berak irudikatu zuen bezala. Antiutopia bat da. Thomas Moreren «Utopia» liburuaz deus gutxi gogoratzen dugun bitartean, «1984» eleberriak, zenbait zatitan eta asmo nagusian, oraindik badu zer esanik. Thomas Bernhard idazleak «Antzinako maisuak» obran esaten duen moduan: «Ez dugu jasaten osoa, ezta perfektua ere. Bakarrik, behin eta berriz, osoa eta perfektua existitzen ez direla jabetzen garenean, badugu bizitzen jarraitzeko ahalbidea... (...) Azken finean, atseginik handiena puskek ematen digute, bizian bertan bezala, azken buruan, atseginik handiena sentitzen dugu puskak bezala hau kontsideratzen badugu, eta zer beldugarri egiten zaigun orotasuna eta, egiten zaigun, funtsean, hobezintasun bukatua. Bakarrik zerbait osoa, akitua, bukatua, puska bihurtzeko zortea dugunean, irakurtzen dugunean, daukagu atsegin handia eta, noiz edo noiz, atseginik handiena».
Liburuan han eta hemen badira puska esanguratsuak. Adibidez, «telepantailen» presentzia ia leku guztietan jendea kontrolatzeko eta manipulatzeko: «Orain ikusi egin gaitzakete -esan zuen Juliak. Orain ikusi egin zaitzaketekegu -esan zuen ahotsak». Oraingo telebistak erabili du hori, tribialitzatzeko, «Anaia Nagusia» programan. Gaurko gizartean «segurtasuna» dela-eta kontrol neurriak izugarriak dira eta mundu osoan eskubide zibilak eta politikoak erabat murriztu dira.
O'Brien pentsamendu-poliziak, protagonista atxilotu, eta argi eta garbi dio: «Ez zaigu interesatzen besteen onura; boterea bakarrik interesatzen zaigu. Ez aberastasuna, ez luxua, ez bizitza luzea ezta zoriontasuna ere; boterea bakarrik, botere hutsa... Boterea ez da bitartekoa, boterea helburua da... Torturaren helburua tortura da». Erran dezakegu horixe dela, azken gertaeren bitartez, PSOEk nahi duena, botereari eustea, ezker abertzalea eta Euskal Herria zanpatzen jarraituz, alegia martxoko hauteskundeak irabaztea.
Liburuan aipatzen da lurreko paradisuaren ideia, gizakiak senidetuta, legerik eta lan bortitzik gabe biziko duten hori milaka urtean egon da irudimenean itsatsita. Ikuspen horrek aldaketa historikoetatik onura atera izan zuten taldeetan euretan ere eduki zuen eragina. «Frantziako, Ingalaterrako eta Estatu Batuetako iraultzen oinordekoek sinetsi egin zuten, hein batean, gizakiaren eskubideez, adierazpen askatasunaz, legearen aurreko berdintasunaz eta gisakoez esan zituztenetan». Hori aldarrikatzen dute, itxuraz, gaur egungo estatu «liberalek», baina benetan autoritarioak dira, bereziki Estatu espainola eta frantziarra. Masa-manipulaziorako tresna izugarriak dituzte, iragana kontrolatzen duenak etorkizuna kontrolatzen baitu eta oraina kontrolatzen duenak iragana ere bai.
«1984» utopia negatiboa da. Proletarioen matxinada ezinezkoa da. Alderdiaren (estatuaren) agintea betirako da. «Proletarioak ez dira inoiz ere matxinatuko, ezta mila urtean edo milioi bat urtean ere». Eta porrot baten istorioa da, Europako azken gizakiarena. Baina Orwell ez zen kontent geratu bukaerarekin eta ezarri zuen eranskin bat «Hizketa berriaren printzipioak». Bertan zirrikitu bat irekitzen dio totalitarismoaren aldaketari: «Historia berridatzirik zen jada, baina iraganeko literaturaren zatiak geratu ziren han eta hemen, zentsurari itzurika eta, hizketa zaharra gogoan atxikiz gero, bazegoen zatiak irakurtzea». Puskak, beti puskak. Adibidez, Estatu Batuetako independentziaren aldarrikapena... «Eta edozein gobernu modu xede horien suntsigarri bihurtzen delarik, Herriaren eskubidea dela aldatzea edo kentzea, eta gobernu berria ezartzea...». Azken buruan, Orwell Nazioarteko Brigadetako kideak 36an benetako demokraziaren aldeko apustu garbia egiten du tesi-nobela honetan, bere bizitzan egin zuen moduan.