GARA > Idatzia > Errugbia

Liga Federala

Nafarroa eta Maulek lortu dituzte behar zituzten puntuak

Donibane Lohizunek, aldiz, galdu egin zuen, eta bigarren fasea jokatzeko txartela lortu nahi baldin badute, lanean jarraitu beharko dute

p044_f01.jpg

Jon LEUNDA | DONOSTIA

Liga Federaleko Lehen Mailan asteburu ona izan dela onartu beharko da, nahiz eta ez duten irabazi bertan diren hirurek. Nafarroak eta Maulek garaipenak lortu dituzte, eta Donibane Lohizunek galdu egin badu ere, defentsan lortutako puntu gehigarria eskuratu du.

Bosgarren multzoan garaipen handia lortu zuen Maulek Orteseren aurka, 22 eta 9. Horri esker, atzeko postuak gero eta atzerago ditu, eta mailari eusteko txartela gertu izateaz gain, bigarren fasea ere joka dezaketela pentsatzen hasita daude Zuberoako hiriburuan. Hori lortuko balute, sekulakoa izango litzateke, beraiena baino hamar aldiz handiagoak diren hirietako taldeen aurka neurtu behar izango luketeelako.

Orteseren aurkako partida derbi bat izan ohi da. Biarnoko taldea izan arren, Euskal Herritik oso gertu dago Ortese, eta zale asko bertaratzen dira. Giroa, bai harmailetakoa, bai eguraldiarena, primerakoak izan ziren errugbian aritzeko, eta dena ongi atera zitzaion Mauleri, aurkariak baino hobeto jokatu baitzuen. Beraz, merezitako garaipena erdietsi zuen taldeak.

Iturriria, onena

Nafarroak puntuak behar zituen jaitsierako borroka horretan bizirik jarraitzeko, eta asko kosta bazitzaien ere, azkenean lau puntuak batzeko modua egin zuten.

Nafarroa Behereko taldeak Perigueux hartu zuen Donibane Garazin, 700 ikusle inguru aurrean zirela. Presio handia zuten jokalari euskaldunek, eta hori norgehiagokan zehar asko nabaritu zen, urduritasun handiz jokatu zuten-eta. Iturriria izan zen euskaldunen artean jokalaririk nabarmenena, berak egin zituen partidako punturik gehienak, eta Nafarroari garaipena eman zion jaurtiketa ere berea izan zen. Norgehiagoka amaitzeko bi minutu falta zirenean, 19-20 galtzen ari ziren euskaldunak. Orduan zigor-kolpea izan zuten alde, Iturririak gauzatu zuena eta, hala, 22-20koa lortuta.

Baretsek egin zuen hori-gorrien entsegua, baina gainerako puntu guztiak Iturririak berak lortu zituen. Nafarroa Beherekoen jaurtitzaileak transformazio bat eta bost zigor-kolpe gauzatu zituen.

Donibane Lohizunek, aldiz, galdu egin zuen. Doi-doi izan bazen ere, defentsako bonusa eskuratu ahal izan zuen. Lapurtarrek Morlasen zelaiara egin zuten bisita, eta 19-12 galdu zuten bertan.

Partida ez zen oso ona izan, eta bietako inork irabazterik merezi izatekotan, etxeko taldea izan zen hori. Hobeto aritu ziren lehen minututik, eta ongi merezita lortu zuten garaipena. Elizondo izan zen euskaldunen artean onena, izan ere, bereak izan baitziren gorri-berdeen puntu guztiak. Lau zigor-kolpe gauzatu zituen.

Sailkapenari begira jarrita, Maule laugarren dago 24 punturekin. Bigarren fasea jokatzeko estreineko lau taldeak sailkatzen dira. Une honetan postu horietan dago, baina atzetik duen taldeari puntu bakarreko aldea besterik ez dio hartzen, beraz, halako erraz ere ez dute izango han sartzea.

Seigarren multzoan, Donibane Lohizune laugarren dago, eta hor jarraitu nahi baldin badu, estutzen hasi beharko du, atzekoak ere nahiko gerturatu baitzaizkio. Nafarroak, azkenaurreko postuan jarraitzen du 18 punturekin, eta jaitsierako fasea ekiditea ezinezkoa egingo zaie, baina orain lortzen diren puntuak ere oso garrantzitsuak izaten direnez, horiek ere lanean jarraitu beharko dute.

Hasierako ametsa betetzeko azken urratsa falta zaio Gernikari

Lau jardunaldi geratzen dira Ohorezko B Mailako lehen fasea amaitzeko, eta Gernikak oso gertu dauka Ohorezko Mailako igoera fasea jokatzeko txartela. Bizkaitarrek ongi jokatu ez arren, 16-9 menderatu zuten Cisneros. Mailako beste bi euskal taldeek, Hernanik eta Durangok, irabazi egin zuten. Gipuzkoarrek 19-31 menderatu zuten Vigo, eta bizkaitarrek 7-22 hartu zuten mendean Cornella.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo