Izotz hockeya Superliga
Hormadi Angelukoa berriro ere gainerako taldeen gainetik agertu da
J.L. | DONOSTIA
Hormadi Angelukoa izan da asteburu honetan Superligan ari diren taldeen artean irabazi duen bakarra. Lapurtarrak oso erraz gailendu dira Majadahondaren aurka. Txuri Urdinek eta Gasteizek, berriz, galdu egin dituzte euren norgehiagokak Bartzelonaren eta Puigcerdaren aurka, hurrenez hurren.
Hormadik Liga irabazteko moduko taldea dauka, eta Puigcerda izan daiteke aurre egin diezaiokeen bakarra. Lapurtarrek ez zuten Majadahondaren gupidarik izan, eta 10-1 irabazi zuten La Barreko jauregian.
Lehen zatian neurketa ia erabakita utzi zuten, 4-1koarekin joan baitziren lehen atsedena hartzera. Bigarren zatian, euskaldunek erritmoa jaitsi egin zuten, eta markagailua aldatu gabe joan ziren bigarren atsedena hartzera. Hirugarren eta azken zatian, berriro ere erasora jo zuen Hormadik, eta 6-0ko partziala lortu zuen. Lassallek lau gol egin zituen, Lutaudek bi Daramik bezalaxe, eta Hitzek eta Bellierrek, berriz, gol bana egin zuten.
Txuri Urdinek, berriz, 4-7 galdu zuen etxean Bartzelonaren aurka. Markagailuan aurreratu egin ziren, baina gero ezin izan zien abantailari eutsi, eta amaieran punturik gabe geratu ziren. Prerez, Usoz, Tiunov eta Mitxelena izan ziren talde gipuzkoarreko golegileak.
Gasteizek ere ezin izan zuen garaipenik erdietsi, eta galdu egin zuen Puigcerdaren aurka, 8 eta 2 galdu ere. Lehen zatian 5-0 aurreratu ziren etxekoak eta hortxe erabaki zen neurketa, Gasteizek ezin izan zuelako behar bezala erreakzionatu.