Arabako Biltzar Nagusiek ez dute onartu EAE-ANVren proposamena
GARA |
Arabako Biltzar Nagusiek atzo egindako osoko bilkuran ez zuten onartu EAE-ANVren biltzarkide taldeak ilegalizazioaren ondorioak gainditzeko egindako proposamena, EA izan baitzen proposamena babestu zuen talde bakarra.
EAE-ANVk salatu zuenez, aurreko udal eta foru hauteskundeetan «iruzurra» egin zen. Beraren hautagaitza Aiarako barrutian legez kanpo utzi zuten, eta 2.906 boto lortutako biltzarkidea, Beñat Mendiguren, ez zuten zegokion karguan ofizialki izendatu. Haren ordez, EAko Lauren Uria da, gaur egun, biltzarkide.
EAE-ANVren ustez, «demokraziaren oinarria den parte hartze politikorako eskubidea» onartzeko, ezinbestekoa da biltzarkide hori ofizial egiteko urratsak ematea. Horretarako, 1987/1 legea aldatzeko Eusko Legebiltzarrarekiko Araugintza Ekimena aurkeztu zuen.
Proposamena egiteko, zuzenbidearen «analogia» printzipioan oinarritu zen talde ekintzailea, eta Hauteskunde Erregimen Orokorrari dagokion ekainaren 19ko 1985/5 Lege Organikoak ematen duen aukera, Biltzar Nagusietako Hauteskunde prozedura arautzen duen 1987/1 Legeari gehitzeko proposamena egin zuen. Laburbilduz, «udaletan erabili daitekeen 182.2 artikulua» betetzea eskatzen zuen EAE-ANVk.
Aitor Bezares talde ekintzailearen bozeramaileak azaldu zuenez, «EAE-ANV eta EHAK ilegalizatzeko mehatxua dagoen une honetan, eztabaidak biltzarkide talde guztion jarrerak argitzeko» balio du. Zentzu horretan, Bezaresek adierazi zuen ezaguna zuela PSE eta PPren jarrera. PNV, EA, EB eta Aralar taldeei dagokionez, «aho txikiarekin ilegalizazioaren aurka» daudela esan on- doren, «egunero ilegalizazioaz baliatzeak ez du balio» esan zien.
Arabako Diputazioa proposamenaren aurka agertu izana salatu zuen Bezaresek. Bere ustez, «legez kanporatzeak baliatuz jarraitu nahi» dutelako agertu dira proposamen horren kontra.