GARA > Idatzia > Txirrindularitza

Kontraanalisien afera

Mayo eta UCIren arteko liskarra otsailean argituko da

Elkarteak demanda aurkeztu du TAS Kirola Arbitratzeko Epaitegiaren aurrean Mayoren kasua dela-eta

p043_f01_148x108.jpg

Asier AIESTARAN | DONOSTIA

UCI nazioarteko txirrindularitza elkarteak demanda bat aurkeztu du TAS Kirola Arbitratzeko Epaitegiaren aurrean Iban Mayoren ustezko positiboa dela-eta. Arrazoia, Espainiako Txirrindularitza Federazioak Iban Mayoren kasua bukatutzat eman izana. UCIk ez du onartzen txirrindulari euskaldunak kontraanalisian negatibo eman izana eta, orain, Espainiako Federazioak hamar egun izango ditu jarritako demanda horri alegazioak aurkezteko. Gertatzen dena gertatuta ere, epaiketa otsailean egingo da. Egindako adierazpenetan, bai txirrindulariak, bai federazioak, aldeko epaia espero dutela argi utzi dute.

Kontua aldrebesa da oso. Chatenay-Malabryko laborategiak Tourrean jasotako Mayoren positiboa zabaldu zuen iazko uztailaren 30ean. Frantziar Estatuko laborategia itxita zegoela-eta, kontraanalisia Ganten egin zioten, lehenik, baita Australian ere, ondoren. Bi lekuetako azterketek B lagina «irakurtezina» zela baieztatu zuten eta, beraz, ezin zutela positiboa berretsi.

UCIk, ordea, laugarren proba bat egitea erabaki zuen berriz ere Chatenay-Malabryko laborategietan eta, «L'equipe» egunkari frantsesak orain dela aste batzuk argitaratutakoaren arabera, EPO aztarnak aurkitu zituzten. UCIk salaketa bat jarri du TAS epaitegiaren aurrean Espainiako Federazioak Mayoren kasua itxi duelako, baina itxi ezean, Mayo zen UCIren erabakia salatzeko TASera jotzeko arrazoiak zituena. Kontuak kontu, atzo jakin genuen Kirola Arbitratzeko Epaitegiak otsailean hartuko duela azken erabakia.

«Arauditik kanpo»

Iban Mayok berak eta Jose Rodriguez jaunak, bere abokatuak, ere bai, haisera-hasieratik salatu dute UCIk egin duen azken kontraanalisia, Chatenay-Malabryn egindako laugarren proba hori, erabat arauz kanpokoa dela. Duela egun batzuk gogorarazten zuen abokatuak «kontrola erabat legez kanpokoa» dela, «UCIren araudian ere» ez dagoelako aurreikusita. Horregatik, hartu beharreko neurriak «baloratzen» ibili dira egunotan. Igorreko txirrindulariak ere «arauak edozein modutan» hautsi dituztela salatu zuen, eta «injustizia bat egiten» ari direla bere kasuarekin.

AZKEN PROBA

Kirolariak behin eta berriro salatu duenez, UCIk egindako azken kontrola arauditik erabat kanpo geratzen da eta, beraz, ezin zaio inolako baliorik eman.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo