GARA > Idatzia > Gutunak

Koldo Alduntzin

Ertzaintzaren jokamolde bakarra: jipoia

Ertzaintzak ez du inorekin gupidarik, eta itsutu egiten da aurrean duen ororekin. Agian, ertzainek apropos janzten dituzte aurpegia estaltzekoak, deus ez ikusteko alegia. Bestela, nekez pentsa daiteke ikusi egiten dutela sarritan zer egiten duten. Sinetsita nago, ikusi, ikusten dutela, baina axolagabe hutsak direla beren ekintzetan. Haratago oraindik, zezenen entzierroetan bezalaxe, aurrean duten oro eraman egin nahi izaten dutela, eta aurretik eraman ez ezik, harrapatu edo kolpatu ere, gupidarik gabe. Zezenena, ordea, ulertzekoa da, instintoz jokatzen baitute, alegia, gizakiak erabili egiten dituenean bere gozamenerako, defentsan oinarritu eta oldartu egiten dira. Ertzainek, aldiz, eraso egiten dute bortizki, defentsa zer den ahaztuta.

Horrexegatik, ulertezina eta arbuiagarria da Donostia Egunean, urtarrilaren 20an, Alde Zaharreko Konstituzio Enparantzan gertaturikoa. Gaueko 10.30ak ziren. Erdiko oholtzara igotzeko prest zegoen une hartan danborra jo behar zuen taldea, baina ertzainek beren zirkoa zuten antolatua, eta ezin danborra jo zirkoa amaitu arte. Zein zen zirkuaren ikuskizuna? Nonbait, ez zituzten gustuko balkoietan zintzilik zeuden pankartak, eta furgoneta gainetik kentzen aritu ziren tramankulu luze batekin, jendearen algaren tartean. Lortu zuten kentzea. Handik gutxira, eta Ertzaintzaren hiru furgonetak plazatik alde egin aurretik, bigarren ikuskizuna, baina hori, tamalgarria. Izan ere, inork zergatik jakin gabe neska gazte bat atxilotu zuten indarrez eta ileetatik tiraka. Pentsa, hamabosten bat ertzain izango ziren, hor nonbait, eta horrela atxilotu behar izatea pertsona bat. Jakina, inguruan geundenon protesta eragin zuen horrek; alegia, hori ez zela jarrera egokia adierazi nahi izan genien. Ertzain batzuen oldartzea, ordea, salagarria izan zen. Lehenik bikote heldu bat kolpatu zuten, eta segidan, horrela ezin zitekeela erantzun esan nahi izan genienok jaso genituen parra-kolpeak; oraindik ubeldurak dauzkagu.

Horrelako gertakariak lantzean behin gertatuko balira, gaitz erdi! Baina badakigu ertzainen jarrera hori ia ohikoa dela. Horrexegatik, pentsatzen dut jendea gorrotatu egin behar dutela ikasten dutela, edo gorrotoa berezko dutenak aukeratzen dituztela haien agintariek. Tira... Ongi letorkieke giza ikasketak egitea noiz edo noiz.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo