Maider Larrieu Segiko kidea
Garaipen uka ezin bat!
Leia-ren garaipena herriarena da. Erresistentzian sinesten duen herriarena.
Joan den hilabetean, transnafarroaren proiektua ofizialki baztertua izan da. Promotoreek, azkenean, bide hori ez zela gure xedea aitortu dute. Grenelle-aren estakurua baliatu badute, ziur izan, 10 urteko borroka honen pisuak dituztela desmotibatu. Gaur arte, izen anitz eman zizkioten bide honi, isiltasunean eta desinformazioan ibiliz. Bainan Leiaren lanak bere fruituak eman ditu: kukutuak ziren informazioak herriari jakinaraziz, proiektu honen funtsa salatuz, ekimen mediatikoak eta azkarrak eginez. Oztopo handi baten gainetik, elkarteak jarraitu du. Denborarena. Hatsantu gabe, bere presentzia azkarki eta eraginkorki erakutsiz.
Garaipen hori, kuraia, batuketa eta sinesmenarena da. Argi eta garbi da, borrokari esker ditugula jauntxo horien anbizioak errefusatu. Bai, elkarrekin pisua badugu, ezin dute nahi dutena egin, biztanleria mespretxatuz.
Adibide ona dugu, hor, errateko, borrokaren bidez soilik gure eskubideak errespetatuak izango direla. Adi egon beharko da, heldu diren urteetan ez dezatela proiektua berriz mahai gainean ezar. Lasserre eta Aguerrek lana segitzen dute herri honen zapalkuntza azkartuz. Gaur ere gure etsaiak dira, eta ez bakarrak. Kolonizazioaren doktrina jarraitzen dute herri honen biziraupena arriskuan izateko.
Frantses errepublikaren izenean erabakiak ukatuak, ezeztatuak zaizkigu. Haien ekonomia jasan behar dugu, ebasketak segitzen duenean.
Lagunak preso atxikitzen dituzte, ezker abertzalea, familia eta adiskideak zigortzeko. Gure hizkuntzaren desagerpena kalkulatua dute. Gure kultura folklore gisa apaltzen dute, turistak ekarrarazteko. Botereak Paue eta Parisen zentratzen dituzte, non hor, minoritate bat garen.
Gure preso politikoak etxeratzeko behin eta betiko, borrokatu behar gara. Ekonomia iraunkor baten alde borrokatu behar gara, ez dena sasoi batena, ez dena turismoa eta laborantza produktibistari sakrifikatua! Enpresak langileen esku izan arte, borrokatu behar gara. Gure hizkuntza munduko aberastasun bizi bat dela aitortu arte, borrokatu behar gara. Etxebizitzak herritarrentzat eskuragarriak izan arte, borrokatu behar gara. Gure hitza eta erabaki eskubideak lortu arte, borrokatu behar gara.
Epe luzerako borroka hauetan, konfiantza eman beharko diegu hurrengo belaunaldiei.
Gure eskubideak eta borrokak irabazi eta borrokak jarraitu beharko du, Euskal Herria ez dezagun Frantzia eta Espainiaren ber sasidemokrazian eraiki.
Irabazten duen herri bat, borrokatzen eta erresistitzen duen herri bat da.
Borroka da bide bakarra!