GARA > Idatzia > Mendia

MENDIKO ESKIA Euskadiko txapelketa

Altitoy irekia bi eguneko arrakasta itzela

Joan den asteburuan, Euskadiko Mendiko Eski Txapelketa jokatu zen. Zubizarreta, Ormazabal, Gonzalez, Leunda, Igarategi eta Lasa izan ziren garaileak

Andoni ARABAOLAZA | DONOSTIA

Euskal Mendizale Federazioko mendiko eski sailak apustu handia egin zuen Altitoy irekiarekin, eta, zalantzarik gabe, helburuan jo duela baiezta dezakegu. Lasterketa hori Euskadiko Txapelketarako zein Koparako baliagarria zen eta, horrez gainera, eskiatzaile herrikoiek kirol honen nondik norakoak bertatik bertara ezagutzeko aukera izan zuten. Bi eguneko lasterketa izan zen: larunbatekoa Luz Ardiden-en, eta igandekoa Tourmalet-en. Arrakasta erabatekoa izan zen; ia maila guztietan, gainera.

Hasteko, beste proba batzuetan ez bezala, parte-hartzaileek ez zuten hutsik egin. Bikoiztu edo hirukoiztu ordez, laukoiztu egin ziren. Bai, iaz 77 lagunek hartu zuten parte; joan den asteburukoan, aldiz, 313k. Jakina, ospe handiko lasterketa denez, euskal herritarrak eta frantziarrak ez ezik, Estatu espainoleko beste herrialde batzuetako eskiatzaileak ere hurbildu ziren: Katalunia, Madril...

Bigarrenik, antolatzaileen lana bikaina baino bikainagoa izan zen. Lasai asko esan dezakegu beren lana biribildu egin zutela. Eta lan horien artean azpimarratzekoa da ibilbideen prestatzaileak zentzu handiz jardun zirela. Oso ibilbide alpetarrak eta kalitate handikoak atondu zituzten; lehiakideen iritzia bat zetorren: «Erabat gozatu dugu; ezaugarri horietako ibilbideak oso proba gutxitan ikusten ditugu. Oso ibilbide onak prestatu dituzte, joan den astean Baqueira-n egindako Europako Kopakoa baino askoz ere hobea. Eta, hori gutxi izango balitz, bi eguneko proba gogorrak izan dira».

Hirugarrenik, eguraldia lagun izan zuten eta horrek, jakina, ikuskizunari erabat lagundu zion. Elurraren egoerari dagokionez, denetarik izan zuten; izan ere, aurreko egunetan euria egin zuen eta, gaueko hotzaren eraginez, ibilbidearen hainbat zati arriskutsu utzi zituen; batez ere jaitsierak.

Esan dugun bezala, Altitoy irekia guztiz arrakastatsua izan da. Dagoeneko batzuen batzuk «Piri-Menta» deitzen diote; hots, Pirinioetako Pierra Menta. Jakina, bata bestearengandik oso urrun daude, baina, Pirinioetako bi isurialdeetan jokatzen diren lasterketak kontuan hartuta, Gavarnie-koarekin batera Luz-Ardidenen eta Tourmaleten antolatutakoa da garrantzitsuenetakoa.

Lehenengo aldiz gazteak

Altitoy irekian eta, beraz, Euskadiko Txapelketan parte hartu zutenek den-dena eman behar izan zuten. Oso ibilbide alpetarrak (1.700 metroko gorabehera) zituzten aurretik: korridoreak, ertzak, jaitsiera gogorrak... Ohikoa den legez, nagusien maila izaten da arreta handiena eskatzen duena. Euskal eskiatzaileek ez zuten batere erraza izan, leku ezberdinetatik iritsitako goi mailako eskiatzaileen aurrean lehiatu behar izan baitziren.

Gizonezkoetan, adibidez, Toni Casals izan zen onena. Luz-Ardidengo zein Tourmaleteko probetako denborak gehitu ondoren, Andorrako eskiatzaileak eraman zuen ekitaldi honetako txapela. Guztira, 4:28:16 denbora egin zuen. Haren atzetik, sei minutura, Dani Leon geratu zen. Eta hirugarrena, berriz, Joan Maria Vendrell izan zen 4:36:50 denborarekin. Laugarren postuan Joseba Ormazabal geratu zen, irabazlearengandik ia 17 minutura. Tolosarra izan zenez lehenengo euskal herritarra, berak irabazi zuen Euskadiko Txapelketa. Aitor Otxoa izan zen bigarren euskal herritarra; Altitoyn 11.a. Eta podiumean hirugarrena Joseba Tobar (12.a Altitoyn).

Bi eguneko «Piri-Menta» honek zoritxarreko albiste bakarra izan zuen. Lasai, ez gara ari istripuez, euskal emakumezko seniorren mailak bizi duen krisi sakonaz baizik. Eta hori esan dugu maila horretan euskal ordezkari bakarra izan zelako: Izaskun Zubizarreta. Lehia hauek hasi zirenean, batzuen batzuk azaltzen ziren, baina aurten bakarra izan da irteera puntuan. Aztertzeko gai potoloa du EMFko mendi eskiko sailak. Egoera horren jabe da, eta jakin badakigu ahaleginak eta bi egiten ari dela emakumezkoen parte hartzea handitzeko; baina, kasu honetan, protagonistek egiten dute huts. Zubizarretak, beraz, berriro jantzi du txapela. Hala ere, aipatu beharra daukagu bera izan zela Altitoy irekiko neska nagusien irabazlea.

Eta zoritxarreko albiste batetik beste bikain batera egingo dugu jauzi. Izan ere, Euskadiko Txapelketak lehenengo aldiz hartu ditu gazteen mailak. Zortzi gazte lehiatu ziren; guztiak ala guztiak euskal federazioak antolatutako teknifikazio zentrokoak. Kadeteetan Maria Leunda eta Erlantz Gonzalez izan ziren irabazleak, eta juniorretan Ane Lasa eta Aitor Igarategi. Gazte hauek ibilbide motzagoetan lehiatu ziren, 700-800 metroko gorabeherakoetan.

Eta festa handi hori biribiltzeko, herrikoien agerraldiaz hitz egitea falta zaigu. Hemengo antolatzaileek bultzatu nahi izan dute izaera horretako proba, eta, horretarako, beste ibilbide bat prestatu zuten. Hau ere alpetarra zen; askok eta askok ez zuten inoiz korridore bat igo. Nahiz eta «buruhauste» batzuk izan, oso seguru sentitu ziren, zati zailenetan laguntza jaso zutelako.

 

Italiarrak nagusi Munduko Kopan

Bien bitartean, joan den 13an nazioarteko izaera duen proba garrantzitsua jokatu zen Val d'Aran-en (Pirinioak). Bai, Munduko Kopak han izan zuen lehenengo hitzordua eta, ohikoa den legez, espezialista onenek ez zuten hutsik egin; europarrek, bederen. CEC-Val d'Aran mendiko eski lasterketa hau gainera Espainiako Koparako baliagarria zen. Aurreko egunetan bota zuen elurrak ibilbidea aldarazi zuen, hainbat zatitan (pistetatik kanpo zeuden alderdietan) elurrolde arriskua zegoelako, besteak beste. Hori zela eta, motzagoa prestatu behar izan zuten; hori bai, seguruagoa. Hala ere, aldaketa horiek ez zuten ikuskizunean inolako eraginik izan eta oso lasterketa ederra ikusteko parada izan zen. Guztira, eskiatzaileek 10 kilometroko ibilbidea eta 1.640 metroko gorabeherari egin behar izan zieten aurre.

Hasieran aipatu dugun legez, Europako espezialista onenak irteera puntuan ziren. Italia, Katalunia, Frantzia eta Suitzako eskiatzaile indartsuenen arteko norgehiagoka ikusgarriak bizi izan ziren. Nesken mailan, adibidez, italiarren nagusitasuna ia erabatekoa izan zen. Lasterketa hasi bezain laster, Roberta Pedranzini eta Francesca Martinelli tropelaren buruan jarri ziren, eta lehenengoak izan ziren helmugan. Europako egungo eskiatzaile indartsu hauen lehian Pedranzini izan zen lehena 1:45:01 denborarekin. Martinellik ezin izan zion haren kidearen erritmo gogorrari eutsi, eta bigarren postuarekin konformatu behar izan zuen. Pedranzinik 2 minutu eta 37 segundo atera zizkion. Hirugarren postuan, iazko denboraldian den-denak zur eta lur utzi zituen Laetitia Roux gaztea geratu zen. Irabazleak 3 minutu eta 5 segundo atera zizkion frantziarrari. Guztira, 25 neskek hartu zuten parte, eta horietako bat Izaskun Zubizarreta izan genuen. Oiartzuarrak lehenengo hamarren artean sailkatzea zuen helburu eta, azkenean, ondo baino hobeto bete zuen bere asmoa. Bederatzigarrena izan zen eta Pedranzinirengandik 10 minutu eta 17 segundora iritsi zen. Inolako zalantzarik gabe, Zubizarretak jardun ederra egin zuen eta denboraldiaren hasiera honetan argi utzi du sasoiko dagoela.

Gizonezkoen mailan, bestalde, oso lehia gogorra bizi izan zen. Bai, lehenbiziko sailkatuen artean oso alde txikia dago, segundo batzuk besterik ez. Guztira, 100 lehiakide izan ziren irteera puntuan. Kilian Jornet gaztea gogor hasi zen, eta lehenbiziko igoeran aurretik jarri zen. Haren atzetik Florent Troillet suitzarra eta Dennis Brunod ziren; tarte gutxira, gainera. Baina katalanak bota batekin arazoak izan zituen eta lau postu galdu zituen jaitsieran. Azkenean soilik postu bat aurreratzea lortu zuen, eta laugarren sailkatu zen. Irabazlea, nesketan bezala, italiar bat izan zen: Brunod. 1.27:19 denbora markatu zuen. Bigarrena Troillet izan zen 37 segundora, eta hirugarrena Florent Perrier frantziarra 46 segundora. Euskal ordezkarien artean onena Joseba Ormazabal izan zen. Tolosarra 33. postuan geratu zen, 14 minutu eta 10 segundora.

Arestian aipatu dugunez, Munduko Kopako lehenengo proba hau Espainiako Koparako ere baliagarria zen. Nesketan garaipena Andorrako Sophie Dusautoir eskiatzaileak lortu zuen; bigarren Zubizarreta sailkatu zen. Mutiletan, Jornetentzat izan da Kopako bigarren proba hau. Ormazabal, berriz, hamahirugarren postuan geratu zen. Andoni ARABAOLAZA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo