GARA > Idatzia > Euskal Herria

Kontseiluak udal hautetsiei hizkuntza eskubideak arauz bermatzeko deia luzatu die

Kontseiluak, martxoko udal eta kantonamendu hauteskundeetara begira, herritarren hizkuntza eskubideak arauz bermatzeko xedez sorturiko udal delibero proposamena luzatu die hautagai guztiei.

p023_f02.jpg

Eneritz ZABALETA |

Euskararen Erakundeen Kontseiluak, martxoan Ipar Euskal Herrian egingo diren udal eta kantonamendu hauteskundeetara begira, Herriko Etxeetan aplikatzeko Deliberoa eratu du. Delibero hori herriko etxeetarako bozetan aurkezten diren hautagai guztiei helaraziko zaie, eta hautatuak izanez gero, aplika dezatela eskatu die Kontseiluak.

Xabier Mendigurenek, antolakunde horretako idazkari nagusiak, gogoratu zuenez, deliberoaren helburua «euskara bermatzeko eta herritarren hizkuntza eskubideak errespetatzeko korpus juridikoa» osatzea da. Hala, Iñaki Lasa Kontseiluko ildo politiko-instituzionaleko arduradunaren hitzetan, «hizkuntza politikak bi adar ditu».

Azaldu duenez, «horietako lehena, lan ildoen definizioa eta aplikazioa da. Bigarrena, aldiz, hizkuntza eskubideak bermatzeko arau multzo bat, korpus ideologikoa da». Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan berme juridikoaren eskasiari erantzuteko osatu du Kontseiluak atzo aurkeztutako deliberoa.

Kontseiluak helarazitako lan hori 30 artikuluz dago osatuta, eta hautetsi bakoitzak bere herriko errealitateei egokitzeko gisan eraikia dago: «Egoera soziolinguistiko ezberdinak sailkatzeko 4 tipologia ditu deliberoak, eta tipologia bakoitzari hobekien itsasten zaizkion arauak finkatzen ditu» azaldu zuen Jone Josie Kontseiluko ipar Euskal Herriko ordezkariak.

Alde horretatik, deliberoak aurkezten dituen berme juridikoen artean, herriko etxeen eremuan eta herriaren esparru zabalean aplikatzeko neurriak daude. Horiek horrela, udal langileen elebitasuna edo udal zerbitzuen euskarazko eskaintzaren ondoan, herriko seinaleen elebitasuna, edo herritarrak euskalduntzeko neurriak ere bermatu nahi ditu deliberoak: «Neurri guztiak, herriko etxean landu, eztabaidatu, eta bakoitzak egoki ikusten duen heinean aplikatzeko» helburuarekin beti ere, Lasak zehaztu zuenez.

Hautagaiei deia

Delibero horrekin batera, hautagaiei eta, beraz, etorkizuneko hautetsiei deia luzatu zien Kontseiluak, deliberoa landu dezaten, eta aplikatzeko. Hein horretan, «Herriko etxeek zeregin inportantea dute euskararen normalizazioan» gogorarazi zuen Mendigurenek. Hori dela-eta, kontaktuak izan dituzte hautagaiekin, eta dokumentu horren «beharra» bazegoela helarazi diete azken horiek Kontseiluko kideei, Jone Josie, Ipar Euskal Herriko ordezkariaren arabera.

Bestalde, gaiaren izaera teknikoa kontuan hartuta, hautetsiei hizkuntza politikaren inguruko prestakuntza saioak ere emanen dizkie Kontseiluak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo