GARA > Idatzia > Atletismoa

Donostiako Krosaren aurkezpena

Lebidek eta Menjok beteko dute Mosopen hutsunea

Eunice Jepkorir kenyarra da lasterketa ezagun eta historikoa irabazteko emakumezko faborito nagusia

p046_f01_148x108.jpg

Asier AIESTARAN | DONOSTIA

Orain hamabost egun Elgoibarko krosean gertatu zen moduan, eta aurreko astean Italicako lasterketa errepikatu bezala, Moses Mosop kenyarra ez da igande honetan Donostiako Nazioarteko Krosean egongo. Antolakuntzak aspalditik lotuta zuen atleta afrikarraren partaidetza, baina Kenyako istiluak direla medio, munduko txapeldunordeak nahiago izan du bere herrialdean geratu familia zaintzen. Dirudienez, gainera, aita izan berri da Mosop, eta hori ere arrazoi indartsua izan da Euskal Herrira ez etortzeko.

Haren faltan, Kiprono Menjo herrikidea eta Serhiy Lebid ukrainarra izango dira Donostiako Krosaren 53. ekitaldia irabazteko faborito nagusiak gizonezkoen lasterketari dagokionez. Menjo zortzigarren izan zen Osakako Munduko Txapelketan 10.000 metroko proban eta Lebidek zazpi aldiz irabazi du Europako Kros Txapelketa. Haiekin batera, Abdelhadi el Mouaziz, Alberto Garcia, Jose Rios edota Carlos Castillejo ere izango dira irteeran. Xabier Mirandak eta Cipriano Burciok Gipuzkoako Challenge-a irabaztea izango dute jokoan.

Emakumezkoei dagokienez, Eunice Jepkorir kenyarra izango da faborito nagusia. Harekin batera, Julie Coulaud frantsesaren eta Marta Dominguez espainiarraren dortsalak ere gertutik jarraitu beharrekoak izango dira. Ezin ahaztu beste izen batzuk: Rosi Talavera, Rosa Morato, Judit Pla, Maria Sanchez, edota Tere Recio, besteren artean. Hemen, Challenge-eko garaipena ziurtatuta du Rosi Talaverak.

Hainbat berrikuntza

Aurtengo berrikuntza nagusia 10.00etan hasiko den herri-lasterketa mistoa izango da. 90. urtean edo lehenago jaiotako korrikalariei dago zuzenduta, eta antolakuntzak partaide kopurua mugatu du, 250 lagun gehienez. Helburua, zaleen inplikazioa bultzatu, eta Donostiako Krosa biziberritzea da.

Horretaz gain, Donostiatik Zubietara joateko martxari ekingo zaio berriro. Sarrera doan izango da parte hartzaileentzat; ikusleek, berriz, 10 euro ordaindu beharko dituzte, eta hamaiketako txiki bat jasoko dute musu truk. Emakume seniorren lasterketa 12.15ean hasiko da, eta gizonezkoena 12.45ean.

nazioartea

Atzo jakinarazi zuenez, baliteke Haile Gebreselassiek, maratoian munduko errekorraren jabeak, Olinpiar Jokoetan parte ez hartzea. Arrazoia, Pekingo gehiegizko kutsadura.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo