GARA > Idatzia > Ikusmira

Giza duintasunaren altxorrik preziatuena Gazan metatzen da gaur egun

Gazako setioak aurrera jarraitzen du eta teorian blokeoaren baldintzak malgutu badira ere, egoeraren larritasunak ez du atzera egin. Atzo Israelgo gobernuak laguntza humanitarioa hein batean baimentzen duen agindua eman zuen arren, laguntza hori ez da Gazan dauden behar minimoak asetzeko nahikoa. Energia mozketek herritarren bizi baldintzetan eragindako galerez gain, osasunaren alorrean zerbitzu minimoak emateko aukerarik ez dago une hauetan. Ondorioz, bonbardaketen arriskuari gaixotasunen eta asistentziarik ezaren arriskua gehitu behar zaie. Horretaz gain, azken urte honetako eraso etengabeak eta oraingo blokeo honek Gazako ekonomia birrindu dute. Honezkero, bertako biztanle gehienak kanpoko laguntzari esker bizi dira. Une hauetan ailegatu ezinik dagoen laguntza horri esker, hain zuzen.

Setioaren asmoa Hamasi botoa eman zion populazioa zigortzea da. Izan ere, Mendebaldeak lau haizetara zabaltzen duen demokrazia ederra baita, baldin eta -soilik baldin eta- herritarrek Mendebaldeak nahi duen hori bozkatzen badute. Aditu batzuen ustez, zigor kolektiboaren azken helburua Hamasek duen babes soziala murriztea da. Halere, Palestinako etsai historikoez gain, Al Fatahren eta herrialde arabiarren jarrerak ikusita, presioaren ondorioak kontrako norabidean joan litezke. Alegia, Hamasek Gazan duen babesa Palestinako beste lurraldeetara ere heda liteke. Baita mundu arabiarreko gainerako herrialdetako gizarteetara ere. Atzo bertan Polizia egiptoarrak Gazara ematen duen mugan palestinar manifestariak jipoitu zituen. Horrelako ekintzak ulergaitzak dira, ez soilik arabiarrentzat, baita munduko beste herritar askorentzat ere.

Mugarik ez duten egoeretan gizatasuna berpiztu egiten da eta Gazatik iristen zaizkigun irudiak, zalantzarik gabe, giza duintasunarenak dira. Nazioarteko komunitatearen aldetik jasotzen ditugun adierazpenak, ordea, lotsagabekeriaren adibideak dira. NBEk, adibidez, Gazako blokeoa salatu du. Baina, egoeraren larritasuna erakusten duten adierazpenez haraindi, ez da gauza izan ezer ere ez egiteko Israelek egin dituen nazioarteko legediaren urraketa itzelen aurka. Areago, atzo bertan, Gazako herritarrak larritasun mailarik gorenean zeuden bitartean, Segurtasun Kontseilua Iranen aurka hartu beharreko neurriez eztabaidatzen ari zen. Bide batez, non dago «beste mundu bat posible da» oihukatzen zuen gizarte zibila?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo