GARA > Idatzia > Euskal Herria

14 gazte epaituko dituzte «torturapean egindako deklarazioetan oinarrituz»

2002ko udazkenean Ertzaintzak Bizkaian egindako operazio baten ondorioz, 14 gazte epaituak izango dira bihar Espainiako Auzitegi Nazional espainolean, ustezko kale eraso batean parte hartzeagatik. Bost urteko kartzela zigorra eskatu du bakoitzarentzat fiskaltzak, eta atzo Bilbon egindako agerraldian «torturapean egindako deklarazioetan oinarrituz» epaituko dituztela salatu zuten auzipetutakoek eta beren senideek .

Manex ALTUNA |

Urtarrilaren 24 eta 25ean Bizkaiko 14 gazte epaituko dituzte Espainiako Auzitegi Nazionaleko lehen sekzioan, 2000ko irailaren 16an Galdakaon hainbat banketxeren aurka egindako erasoak leporatuta. Fiskalak hiru urteko kartzela zigorra eskatu du bakoitzarentzat eragindako kalteengatik, eta beste bi urte desordena publikoagatik.

Auzipetuen artean, Uribe Kostako herri ezberdinetako gazteak daude, besteak beste, Urtzi Paul Larrea, Endika Lejarzegi, Ekaitz Bilbao, Aimar Hidalgo, Kepa Saratxaga, Martin Etxegarai eta Gontzal Gonzalez. Bestetik, Andoni Beroiz, Iker Lima, Jon Crespo, Ugaitz Perez, Xabier Arriluzea eta Asier Arriola ere kasu berean auzipetuta daude, baita joan den abenduaren hasieran Guardia Zibilak atxilotu ondoren torturatua izan zela salatu zuen Gorka Lupiañez durangarra.

Hori dela-eta, epaiketa salatzeko, eta hura gazteon aurkako erasotzat ulertuta, gazte mugimenduak agerraldia egin zuen atzo goizean Bilboko Zazpi Katu gaztetxearen aurrean auzipetutako batzuk eta beren senideak bertan zirela.

Gogoratu zutenez, 2002ko udazkenean Ertzaintzak egindako operazio baten ondorioz hainbat gazte izan ziren atxilotuak. «EAJren polizia autonomiko espainolak bortizki torturatu gintuen, eta orain, bost urte geroago, torturapean egindako deklarazioetan oinarrituz epaituko gaituzte Auzitegi Nazionalean. Baina gu bezala, ehunka dira errepresioa pairatzen duten gazteak: jarraipenak, mehatxuak, kartzelatzeak, baita torturak ere, Igor Portu bezala, ospitaleratu beharra izan arte, edo norberak baino jakin ezin dituenak sufritu arte», azaldu zuten.

«Beroiz kasua»

Horren haritik, aipatu beharra dago, operazio horretan eta komisarian torturapean egindako deklarazioetan oinarrituta epaitu zutela Andoni Beroiz 2000ko urtarrilaren 1ean Galdakaon gertatutako kale eraso batean parte hartzeagatik.

Kartzelatua ere izan zen epaiketa heldu arte, nahiz eta Ertzaintzak egun horretan bertan Zuian gertatutako istripu batean egon zela jakin.

Azkenean, aske gelditu zen, Arartekoarenganaino iritsi zen kasu hau, eta Javier Balza Lakuako Herrizaingo Saileko arduradunak azalpenak eman behar izan zituen Gasteizko Parlamentuaren aurrean, orduan sortu zen iskanbilarengatik azalpenak emateko.

Guardia Zibilak, Polizia espainiarrak eta Ertzaintzak «helburu berberak» dituztela salatu zuten gazteek: «beren jabeen poltsikoa bete, herri bat zapaldua izan behar bada ere».

«Une honetan, PSOE, EAJ eta NaBai herri honentzat beste iruzur bat prestatzen ari dira», gaineratu zuten.

Gazteen ustez, «beren helburu kapitalistak betetzeko asmoz, borrokalari guztiak paretik kentzeko apustua egin dute» alderdi politiko hauek, eta «errepresioaz mehatxatu gaituzte, beren interesak oztopatzen ditugun heinean zapalduko gaituztela adierazi digute».

Baina Euskal Herria eta euskal herritarrak defendatzeko hautua oso argi dutenez, «herri honetan» ez dutela «nahi dutena egiterik izango», adierazi zuten.

«Gazteoi egurra ematera badatoz, aurrean izango gaituzte. Belaunaldi ezberdinak torturatu eta kartzelatu egingo dituzue, baina independentziaren alde borrokatzeko prest egongo den belaunaldi berri batekin egingo duzue topo», esan zuten.

Ildo horretatik, duela bost urteko polizia operazioak «balio ez zuen bezala, gaur egun ere errepresioarekin ez dagoela euskal gazteriarekin bukatzerik», aldarrikatu zuten.

Gogora ekarri zituzten hainbat gazteren aurka 2007. urteko udazkenetik aurrera Uribe Kostan, Burlatan edo Donostian egindako polizia operazioak, eta aurrerantzean ere «belaunaldi berriak» irtengo direla iragarri zuten. «Bidea argi daukagulako jo ta ke independentzia eta sozialismoa lortu arte», esanez bukatu zuten adierazpena.

POLTSIKOAK BETE

PSOE, EAJ eta NaBai poltsikoak betetzeko beste «iruzur» bat prestatzen ari direnez, «borrokalari guztiak paretik kentzeko» apustua egin dutela salatu zuten.

Torturak iker ditzatela eskatu du Askatasunak

2002an Ertzaintzak egindako polizia operazio baten ondorio da epaiketa, eta Askatasunak adierazi zuenez, torturetan «oinarritua» dago. Auzipetutako gazte gehienek tortura salaketak egin zituzten, eta horregatik, ikerketa bat abiatzea eskatu du amnistiaren aldeko mugimenduak.

Zentzu horretan, Igor Porturen kasuan Polizia autonomikoaren «arduradun politikoek» egindako adierazpenak ekarri zituzten gogora eta lesakarraren lesioak ikertzea eskatu duten bezala, «gazte hauen tortura salaketen gainean ikerketa bat ireki dezatela» eskatu zuten.

«Iker ditzatela torturak, argitu erantzukizunak eta zigortu erantzuleak», gaineratu zuen Askatasunak. Izan ere, gazte hauek epaitzeko Ertzaintzaren akusazioak «torturapean» lortuta daudela esan zuten, eta horregatik «bertan behera» utzi beharko lituzketela adierazi zuten.

Hortik abiatuta «Ertzaintzaren esku egondako 270 pertsonak egindako tortura salaketak ere» iker ditzatela eskatu zuen. M.A.

BELAUNALDI BERRIAK

«Gazteoi egurra ematera badatoz, aurrean izango gaituzte. Independentziaren alde borrokatzeko prest egongo den belaunaldi berri bat» aurkituko dutela adierazi zuten.

Mobilizazioak izango dira Bilbo, Galdakao eta Algortan

Bihar hasiko den 14 gazte bizkaitarren aurkako epaiketa salatzeko hainbat mobilizazio antolatu dira datozen egunotarako Bilbo, Algorta eta Galdakaon. Bizkaiko hiriburuan esaterako, elkarretaratzera deitu du Gurasoak elkarteak ostegun honetan, Bizkaiko Probintzia Auzitegiaren aurrean. Izan ere, egun horretan hasiko da epaiketa Auzitegi Nazionalean.

Bilboko Buenos Aires kalean dagoen egoitzaren parean egitekoa da mobilizazioa, goizeko 10.00etan. Auzitegi Nazionalean gazteak «kriminalizatuak» izango direla epaiketa «politiko» baten bitartez, eta «betiko» espetxeratuak izateko arriskua dagoela salatuko dute elkarretaratzean.

Auzipetutako gazteei elkartasuna adierazteko eta epaiketaren kontra daudela erakusteko, astebururako ere hainbat deialdi antolatu dira. Horretarako, larunbat goizean Galdakaon mobilizazioa izango da eguerdiko 13.00etatik aurrera. Iluntzean, berriz, Algortako Telletxe plazatik abiatuko da protesta, auzipetutako hainbat gazte Uribe Kostakoak baitira. Arratsaldeko 20.00etan izango da hori. M.A.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo