Bilbao Basket
Javi Salgado: «Hurrengo bi neurketei baino ez diegu begiratzen»
GARA | BILBO
Iurbentia Bilbao Basketen balentriak mintzagai dira. Urteko ezusterik handiena eman dute, eta Koparako sailkatzea lortuta, liga aurreneko zortzien artean amaitu eta play off-ak jokatzeko aukera dute.
Alabaina, burua lepo gainean edukitzen saiatzen dira bilbotarrak. Hala, Bilbao Basketeko kapitain Javi Salgadoren hitzetan, «epe laburrera» baino ez du begiratzen egun ACB Ligan bigarren lekuan dirauen taldeak.
«Hurrengo bi neurketei baino ez diegu begiratzen. Kopa eta enparauak iritsiko dira. Ikusiko dugu zer egiten dugun».
Santutxukoaren aburuz, bizkaitarren emaitzak «astean egindako lanaren ondorio» dira. «Txus -Vidorreta-, Rafa -Pueyo- eta Iñakiren -Bayo- lana aparta da. Horretaz gain, entrenamenduetan lana latz egiten dugu eta hori igartzen da», gaineratu zuen.