Gazteak
Olaetxea larunbat honetan berragertuko da Iruñean
Lau eta Erdiko bikainaren ondoren, ebakuntza egin zioten ezker eskuan
Asier AIESTARAN | DONOSTIA
Azken orduko arazorik izaten ez badu, Mikel Olaetxea lizartzarra larunbat honetan berragertuko da Iruñeko Labrit pilotalekuan. Azaroaren 30ean ebakuntza bat egin behar izan zioten ezker eskuan eta bi hilabete eman ditu pilotalekuetatik kanpo. Asegarce bere enpresak aurreratu duenez, Eskuderorekin jokatuko du Agirre eta Oteizaren aurka Labriteko hirugarren partidan.
«Nahiko luze egin zait. Ia bi hilabete izan dira. Hilabete sendatzeko eta beste bat erritmo pixka bat hartzeko edo joko pixka bat hartu nahian. Ezker eskuko hiru hatzetan zirkulazio gabe geratu nintzen. Hatzak zuri-zuri geratzen zitzaizkidan, pilotan jokatzerakoan ere min dezente ematen zidan, eta azkenean esan zidaten operatzea zela soluzio bakarra. Kasualitatea da. Inoiz ez nuen horrelako arazorik izan. Lau eta Erdikoa hasi bezain laster hasi nintzen mina sentitzen, lehenik hatz batean eta gero besteetan ere bai», azaldu digu Olatexeak.
Unerik onenean
Bigarren mailako Lau eta Erdikoa aipatu du Olaetxeak, eta lehiaketa horretan erakutsi zuen Lizartzakoak bere jokorik onena. Aurreko udan debutatu ondoren, ekainaren 23an Zarautzen, behe-behetik hasi behar izan zuen lehiaketan eta, ezustean, finalerdietako ligaxkan sartzea lortu zuen Diaz, Argote eta Apezetxearekin batera.
«Nik ere ez nuen espero, egia esateko. Eta hatzak ongi izanda ere ez dut uste askoz hobeto ibiltzerik izango nuenik. Baina egindako lana hor dago eta hemendik aurrera berriz ere orduko joko maila hartzen saiatu beharko dut», onartu du apal-apal 22 urteko aurrelariak.
Horretarako ari da lanean gipuzkoarra, baina, dioenez, oraindik ere beldur pixka batekin dabil entrenamenduetan. «Pilota ikutzen ari naiz jada. Oraindik puntuak eta min pixka bat ematen didate eta postura jakin batzuetan are gehiago. Baina kantxan sartu naiz eta pozik nago. Aurreneko helburua minik ez izatea izango da, eta eskuko arazoak erabat ahaztea. Eta pixkanaka konfiantza eta jokoa hartzen joatea».
Azkenik, profesionaletan daramatzan sei-zazpi hilabeteetako balantze txiki bat egiteko eskatu diogu eta, orokorrean, pozik dagoela onartu digu. «Sei hilabete eta horietatik bi bajan -barreak-. Hasieran kostatu zitzaidan erritmoa hartzea, baina gero ongi jarri nintzen eta Lau eta Erdikoa oso ongi irten zen».
Sebastien Gonzalezek 57 puntu bildu ditu Binakako Txapelketaren hirugarren jardunaldian eta bera da Euskadi Irratia Sariko lider berria 134 punturekin. Aimar Olaizolak 52 bildu ditu eta Patxi Ruizek beste 46. Sailkapen nagusian Asier Olaizola bigarren da 119 punturekin, eta Iñigo Pascual hirugarren 117rekin.
Pilotari asko dira egunotan beren egoera fisikoa probatu behar dutenak. Ruben Belokik gaur egingo du azken saiakera, larunbatean Iscarren jokatu ala ez erabakitzeko. Oinatz Bengoetxeak eta Patxi Ruizek ere arazoak dituzte eskuetan eta egunotan hartuko dute azken erabakia.
Gaur egingo dituzte Binakako Txapelketako asteko lehen bi material aukeraketak. Goizeko 11.30ean Gonzalez-Barriola eta Bengoetxea VI-Patxi Ruiz bikoteak Iruñean bilduko dira. Arratsaldean, 16.30ean, Olaizola II-Mendizabal II eta Xala-Pascual Urdulizen izango dira.