GARA > Idatzia > Kirolak

Tenisa Australiako Irekia

Sharapovak Heninen bolada ona eten du inoizko partidarik onena eginda

p043_f02_097x096.jpg

A.S. | DONOSTIA

Bere kirol bizitzako partidarik onenetariko bat egin zuen atzo Australiako Irekian Maria Sharapovak. Izan ere, errusiarrak Justin Henini, emakumezkoen sailkapeneko zerrendaburuari irabazi baitzion, 98 minutuan (6-4 eta 6-0).

Txapelketako finalerdietarako sailkatzeaz gain, garaipen horrekin waloniarraren bolada ona eten egin zuen Sharapovak, bere aurkariak 32 norgehiagoka baitzeramatzan galdu gabe. Gainera, bigarren setean hutsean utzi zion munduko tenislari onenari. Hori gertatu zen azken aldia, 2002a izan zen, Heninek Roland Garroseko lehen partidan Anika Kapros bulgariarraren kontra galdu zuenean. Beste sasoi bateko kontuak dira horiek.

«Harrigarria izan da», adierazi zuen Sharapovak partida amaitu eta minutu batzuetara.

Errusiarrak Jelena Jankovic-en aurka jokatuko du finalerdietan, serbiarrak Serena Williamsi irabazi baitzion (6-3 eta 6-4), 99 minututan. Emaitza honekin, beraz, Australiako egungo txapelduna kanpoan geratu da.

Gizonezkoetan, Jo Wilfred Tsonga frantziarrak ez ustea eman eta Mijail Youznhy errusiarrari irabazi zion (7-5, 6-0 eta 7-6). Nadalen aurka jokatuko du finalerdietan, Manacorrekoak Jarkko Nieminen finlandiarrari irabazi baitzion (7-5, 6-3 eta 6-1).

Federerrek, gaur

Australiako Irekiko Final-laurdenetako gainontzeko partidak gaur jokatzekoak dira: Venus Williams-Ivanovic, Hantuchova-Radwanska, Federer-Blake eta Djokovic-Ferrer norgehiagokak, hain zuzen ere.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo