«Bertso Bertsioa» lelopean hartuko du Donostiak XXXIX. Bertso Eguna
1967. urtean Uztapideri eskaini zitzaion hartatik hasita, era askotako 37 edizio ezagutu ditu Bertso Egunak, edo Bertsolari Egunak, bietara deitu izan baitzaio hitzorduari. Eta dagoeneko Donostia prest dago larunbat honetarako antolatu ekitaldi berria hartzeko. «Bertso Bertsioa» leloarekin dator, eta hiru atal izango ditu: 12.00etan, Bertsoa Kalez Kale Alde Zaharrean, 18.00etan «Bertso Bertsioa» Kursaalean, eta 21.00etan, afaria eta festa Martin Berasategi jatetxean.
GARA | DONOSTIA
Donostian eta San Sebastian Egunaren inguruan antolatu ohi da Bertso Eguna, bertako udalaren babesarekin, lehen KTEren bidez, eta orain, aldiz, Donostia Kultura-ren bitartez. Eta, urtez urte, hitzorduak bertsolari eta bertsozale andana biltzeko erronkari eutsi nahi izan dio.
Larunbatean ospatuko den Bertso Egunerako hautatutako gaia definitzen erraza ez bada ere, bertsolaritzari eta bertsogintzari estuki lotutako zenbait kontzepturen eta egungo sorkuntza globalean ere eztabaidagai diren beste zenbaiten ingurukoa izatea proposatu dute. Horren berri eman zuten, hain zuzen ere, Kultura zinegotzi eta ordezkari den Ramon Etxezarretak eta Maialen Lujanbio bertsolariak, atzoko prentsaurrekoan.
Aipatu hari horri tiraka, bada, azaldu zutenez, hauetxek lirateke hitzorduko kontzeptu nagusiak (zenbait bikote antagonikoak dira berez, eta beste zenbaitek ez dute zertan izan): Bertsoa/bertsioa, orijinala/kopia, autentikoa/imitazioa, autoretza/jabetza konpartitua (copyright/ copyleft), plagioa, aipuak... Alegia, kontzeptu horiek «orokorregiak» diruditen arren, bertsogintzari dagokion kasuan ere «oso presente» daudela diote. «`Nitasuna', hau da, nor izatea edo `halakoren' imitatzaile izatea, adibidez, oso presente legoke. Edo beste hau: `Nork sortzen du? Posible al da sortzea aurreko erreferentziarik gabe? Beraz, zein da sortzailea, ni ala gu?'...».
Jakin badakite azalpen labur horretatik sor litekeen saioa «oso kontzeptuala» izan daitekeela, baina finean asmoa «bertsoan eta bertsolariengan oinarritutako saioa izatea» da, gainerako elementuei uko egin gabe: bideoa, musika, mugikorrak... Eszenaratzeari buruz ere badute-eta ideiarik: «Partaideek -bertsolari zein gai-jartzaile- itzaletan mantenduz mikro aurrera joango diren arte (`axola du ala ez nork egiten duen zer?'), nortasunik ezta izenik ere ez dute izango, zenbakiz edo kolorez, barra-kode bat bailiran izango dira deituak eta publikoaren aurrean agertzen direnean izango dira identifikagarri».
Ibilbide oparoa: 1968-2007
1968tik dator Donostian urte hasierako ekitaldi hau antolatzeko usadioa. Urte hartan San Sebastian eguneko jai-egitarauan bertso ekitaldi berezi bat antolatzea erabaki zuen KTE erakundeak, eta orduko txapelduna, Manuel Olaizola «Uztapide», omendu zen. Arrakastatsua izan zenez, antolatzen jarraitzea erabaki zuen KTE-k eta Bertsolari Eguna izena hartuta, garaiko hainbat bertsolariren omentzeko eguna izan da urte askoan.
Bertsozale Elkarteak sorreratik (1987) hartu zuen bere gain hitzorduko egitarauaren ardura. Lau urte eta gero (1991), omenduen atala bertsolaritzaren alde lanean aritu zirenetara zabaltzea erabaki zen. Eta, 1995ean, Bertsolari Egunaren norabidea aldatzea adostu zuen. Horiek horrela, omenaldien aroari amaiera eman eta Bertsolari Egunari ateak itxita, Bertso Egunari ireki zitzaion aroa.
Gizartearen ohitura eta bizi-molde aldaketek, hala nola bertsolaritzarenak berarenak, eguneratze bat eskatzen zuen, xedeetan zein egin-moldeetan, arduradunen esanetan. Hala, igande eguarte-arratsaldeko gertakizuna izatetik, larunbat arrats-gauekoa bihurtu, eta helburu berriak ere zehaztu zituzten: garaiko bertsogintzan antzemandako aldaketak islatzea, esperimentatzea, kanpoko esperientziak ezagutaraztea... Hala, hain zuzen ere, saiakerak egin dira bat-bateko sorkuntza eta eszenan jartzeko molde landuen arteko orekaren bila, eta hamaika ekitaldi arrakastatsu ezagutu ditu hitzorduak orduz geroztik.
Hitzorduko eszenaratze eta girotze lanetarako Logela taldearen laguntza izango dute antolatzaileek. Asko izango omen dira parte hartuko duten bertsolariak, baina ez dute izenik aurreratu nahi. «Axola du ala ez du nork egiten duen zer?». Horra hor eztabaidarako kontzeptu posible bat.
«Bertso Bertsioa» ekitaldia 18.00etatik aurrera hartuko du Kursaaleko areto nagusiak, eta bi orduko iraupena iragarri diote. Bertan hogei bat bertsolari arituko omen dira, eta bai gidoia bai gaien ardura Unai Iturriagak, Maialen Lujanbiok, Josu Goikoetxeak eta Xabino San Sebastianek hartu dute beren gain. Logela taldearen kolaborazioa izango dute hitzordurako.
Nolanahi ere, iazko edizioan egin zen bezalatxu, Bertso Eguneko egitarauak larunbatean besterik ere eskainiko du, aipatu saioaren aurretik zein ostetik. Eguerdi partean, alegia, Alde Zaharrean «Bertsoa Kalez Kale» ekimena izango da. 14.00ak bitartean, beraz, bertsolari, soinujole eta zale ugari arituko dira bertan giroa berotzen. Iluntzerako, aldiz, afaria eta festa prestatu dira. 21.00etan Kursaaleko Martin Berasategi jatetxean izango da afaria, eta bertan ere bertsolariak zein trikitilariak egongo dira. Ekitaldirako sarrerak 15 euroan daude salgai, eta ekitaldira eta afarira joateko txartelak, berriz, 40 euroan. Interesa dutenek dei dezatela 943-217798 edo 943-314031 telefonoetara (www.bertsozale.com).
GARA