GARA > Idatzia > Euskal Herria

Larunbat honetarako Independentzia Eguna antolatu dute Bakaikun

p019_f02_97x96.jpg

GARA |

Urtarrilaren 26an, larunbatean, independentzia aldarrikatuko dute Bakaikuko kaleetan. Iturmendiko eta Bakaikuko EAE-ANVk antolatua da ekimena eta Sakanako abertzale eta ezkertiar guztiei joateko deia egin diete.

Ekimenaren helburua «independentziaren aldeko indarrak metatzea» izango da, baita ere Bakaikun eta Iturmendin pairatzen duten «egoera ez-demokratikoa» salatzea.

Gogorarazi dutenez, alderdi ekintzaileari «ilegalizazio mehatxua» datorkio Madrildik, baina «jai dute ezker abertzalearekin bukatuko dutela uste dutenek», ohartarazi dute.

Iturmendin eta Bakaikun ilegalizazioaren ondorioak ezagutzen dituztela azaldu dute. Izan ere, bi herrietan azken hauteskundeetan legez kanpo utzi baitzituzten zerrendak. «Hala ere, hainbat herritarrek eman ziguten babesa, baina Bakaikuko udalean dagoen NaBaik muzin egin dio herritarren borondatea errespetatzeari. Iturmendin berriz, nafar gobernuak behatzez izendatutako gestora bat jarri dute», azaldu dute.

«Herri honen askatasuna bermatuko duen aldaketa politikoa» aldarrikatzea ere bada ekimenaren helburua, adierazi duetenez, izan ere, «Euskal Herria independentziaren atarian jarri dezakeen proposamena» baitauka ezker abertzaleak.

Egun osoko egitaraua

Umeentzat prestaturiko hainbat jokorekin hasiko da Independentzia Eguna. Horiek bazkalordua iritsi bitartean izango dira; gero, mus finalak, Fermin Balentziaren emanaldia eta herri kirolak. Ekitaldi politikoa 19.30ean egingo da, eta horren ondoren Ametsak musika taldearen dantzaldia. Egun osoan zehar, EHNA tramitatu ahal izango da udaletxean bertan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo