GARA > Idatzia > Euskal Herria

Hartzaro, inauterien karietara Uztaritze astinduko duen jaialdia

Badator aurtengo Uztaritzeko inauteria. Horren haritik antolatzen den Hartzaro jaialdiaren xehetasunak aurkeztu zituzten atzo. Urtarrilaren 25etik otsailaren 2ra ikuskizun eta ekimen andana izango da; hala ere, Kaxkarotak eta Zanpantzarra izango dira esanguratsuenak.

p024_f01_199x108.jpg

Arantxa MANTEROLA |

Aurtengoarekin hamahirugarrenez, Hartzaro jaialdia egingo da Uztaritzen. Inauterien inguruan, Herri Soinulariak elkarteak Errekondo eskualdeko (Uztaritze, Haltsu, Jatsu eta Larresoro) hainbat talde eta elkarterekin antolatzen du azken urteotan ekimen andana.

Jaialdiaren helburua, tradizioa oinarri hartuta sorkuntza txertatzea da, horretarako urtero gai nagusi bat lantzen dute: aurten, arte plastikoak aukeratu dituzte. Horrenbestez, erakusketa eta lantegi ugari izango da urtarrilaren 25etik otsailaren 5era (zizelkariak, beira lanketa, mozorroak, litografiak...).

Berrikuntzen artean, antolatzaileek lekua egin nahi izan diote tradizioen ezagutzari. Horren karietara, urtean barna eskainiko den hitzaldi saio bat abiatuko da Hartzaron, euskal musikari eta dantzei buruzko mahai inguruarekin. Euskal Kultur Erakundearekin eta Euskal Dantzen Erakundearekin elkarlanean, larunbatean, urtarrilaren 26an, adituak entzuteko aukera izanen da Lapurdi gelan, goizeko 9etatik aurrera. Horien artean, Xabier Itzaina etnologoa eta Claude Labat historialaria.

Kaxkarotak hasteko

Inauterien iragarle, igandean, urtarrilaren 27an, Kaxkarotak ibiliko dira Herauritz auzoan, 300 urteko ohiturari eutsita, etxez etxe dantzan eta eskean, goizeko 11etatik aurrera.

Inauteri aroan bete-betean sartuta, ostiral arratsean, otsailaren 1ean, antolatzaileek adierazi dutenez, jaialdiko ekintza nagusietakoa izanen da. «Belaunaldi guztientzako gaurko musikaz» gozatu ahalko baita lau saio eta gune ezberdinetan: Garazi Philantropik Orkestra Lapurdi gelan, Pastors of Muppets perkusioa eta rock metala nahasten dituen txaranga Latsa aretoan; Sister Simone and the Holy Balls 70eko hamarkadako rock taldea Ttirrittan eta Zipotzero rock taldea Gaztetxean. Egun berean, (eta hurrengoan) euskal mitologia eta ohitura afrikarrak uztartuko dira Luhusoan Ufaka Zanpaka eta Burrunka ikuskizunean.

Xerri hiltzearekin hasiko dute inauterietako larunbata, Hiribehere auzoan, gaitero eta trikitaliek lagunduta. Goiz osoan Lantzeko inauterietako dantzak ikusi ahal izango dira Uztaritzeko karriketan, eta arratsaldean, berriz, artista gazteen emanaldia Larresoron.

Haurrak izan ditu kontuan bereziki aurten Haurtzaro festibalak. Errekondo eskualdeko eskoletako ikasleek ekimen propioak prestatu dituzte, askotan Hartza gai hartuta; baina beraiei zuzendutako emanaldiak ere antolatu dira, horien artean, «Hartza iratzarri» sorkuntza berria edota Garazi Philantropik Orkestrako musikariak egingo duten emanaldi berezia.

Egun handian, Zanpantzar

Betiko moduan, inauteri egun handia, asteartea izango da. Arratsaldeko 18.15etik goiti, musikaz, dantzaz, mozorroz lagunduta eta, nola ez, Hartza ere bertan dela, Hiribehereko frontoi- tik hiribarneraino segizioa egingo diote «auzipetutako» Zanpantzarri. Ohiko pertsonaiak (jendarmeak, apaizak, zirzilak, mainontziak...) ere han izango dira urtero milaka lagun biltzen dituen ikuskizun koloretsuan. Epaia eman ostean, Purguko plazan erreko dute Jose Cauzabonek sortutako dantza berria erakusten den bitartean.

Antolatzaileek biziki animatu dituzte herritarrak Hartzaron parte hartzera, «urte gutxitan biztanleria horrenbeste emendatu den herrian elkar ezagutzeko eta harremanak sustatzeko ere» jaialdia oso baliagarria dela uste baitute.

Munduko ondare ukiezin izenda ditzaten lanean

Lapurdin eta, behar bada, Ipar Euskal Herri osoan, inauteririk ezagunenak dira Uztaritzekoak. Antolatzaileak lanean ari dira, Thierry Truffaut etnologoaren laguntzaz, Unescok «munduko ondare ukiezin» izenda ditzan.

Gerlen tarteak kenduta, hirurehun urtez ospatu diren inauteriok euskal kulturaren ezaugarri garrantzitsu direlakoan, mundu mailan aitortuak izatea du xede aipatutako ekimenak.

Kaxkarotek, bederen, aitorpen hori jaso beharko luketela uste dute. Moldavian (Kaluceri) eta Inglaterran (Morris Dance) antzeko pertsonaiak dituztenez, datorren urterako herrialde horiekin elkartruke bereziak egiteko asmotan dabiltza. A. M.

700 partaide

Guztira 700 bat lagunek hartzen dute parte zuzenean Hartzaro jaialdiko ekitaldiak prestatzen. Aurtengo edizioak, hamabi ikuskizun, bost erakusketa eta bi ikastaldi izango ditu. Aurrekontua, berriz, 65.000 eurora iritsiko da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo