GARA > Idatzia > Kolaborazioak

Jose Luis Lizundia Euskaltzaindiko diruzaina

Haritschelhar, euskal herri-gizon

Gure hizkuntza nazionalaren erakunde nagusiak, eremu politikoen zatiketak gaindituz, zazpi euskal herriak batzen ditu, eta aipatu urte luzeotan Jean izan da lehen edo bigarren gidari

Ongi merezitako omenaldia eskaini zion joan den ostegunean Jean Haritschelhar jaunari Euskaltzaindiak bere etxe nagusian. Ospakizun akademikoan beste ekintza bat ere sartu zen, hots, Iparraldeko herri aginteek sortutako Euskararen Erakunde Publikoarekin Euskaltzaindiak sinatu zuen hitzarmenarena, Jeanen aspaldiko nahia izan baita Iparraldeko herri agintari eta politikoek Euskaltzaindiaren aitormen publikoa bere egoitzan egitea, nolabait eginaraziz, Akademia fisikoki eta instituzionalki ezagutu dezaten. Askok uste baino sinbolismo handiagoa du elkar «ezagutze» horrek, Euskal Herriaren hiru errealitate politiko erakunde-etxe bakarrean biltzeak. 1991ean, Jose Antonio Ardantza Euskadiko lehendakaria eta Juan Cruz Alli Nafarroako presidentea euskararen etxe nagusia inauguratzera ekarri bazituen, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako agintari nagusiekin batera, EAJ-PNV, EA, EE, HB eta PPko buruzagiak ere elkarren ondoan zirelarik, euskalgintzako, kulturako, unibertsitateko ordezkari anitzekin batera, ostegunean hain bere dituen lapurtar, baxenafar eta zuberotar herri ordezkarien presentziaz aitortu zitzaion bere Euskaltzaindiarekiko lan eskerga.

Egitarauaren beste gaiari dagokionez, Jean Haritschelharri omenaldia Euskaltzaindiko hogeita hamahiru kidek Jeani eskaini dioten omenezko liburukia aurkeztu zen; bertan hasieran Euskaltzainburuaren eta buruordearen hitzaurre eta biobibliografiarekin batera nire artikulu bat agertzen da, «Haritschelhar 38 urte Zuzendaritzan». Hainbeste urtez ez da inor izan kargu akademikoan, ez eta Azkue bera ere. Idazlan hori ezin dudanez prentsa artikulu batera ekarri, zerbait azpimarratu nahi nuke euskal irakurle edonorentzat. Jean urte askotan Baionako Euskal Museoko zuzendari, Baigorriko alkate bederatzi urte eta hainbeste euskal kulturarekiko elkarteen sortzaile, bultzatzaile izateagatik ezagutua izan bada ere Iparraldean, Hegoaldean, lehendabizi hogeita lau urte Euskaltzainburuorde eta hamasei Euskaltzainburu izateagatik da ezaguna eta aitortua. Horren ondoriozko merezimendu ugariengatik egiten zaio omenaldia. Domaia da artikulu labur honetan gara ezina. Euskararen lan akademikoetan hor ditugu lehen lerroan: «Orotariko Euskal Hiztegia», «Hiztegi Batua» eta «Euskal Gramatika Lehen Urratsak», zeintzuk diren Euskaltzaindiaren Hiztegiaren eta «Euskal Gramatika Orokorra»ren oinarriak, hots, euskararen batasunaren ondare guneak, Akademiaren eskumen esklusibo eta ukaezinak. «Euskal Herriko Hizkeren Atlasa», onomastika alorreko lan ugariak, literatura ikerketa, herri literatura, biltzar eta jardunaldi, jagon arloko egitasmo eta argitalpen anitz egin izan dira aipatu urte horietan, ahantzi gabe euskara batuarekiko erabaki eta araugintza. Zuzendaritza, barne gobernamendu erakunde legez liberalki zuzentzen saiatu zen.

Gure hizkuntza nazionalaren erakunde nagusiak, eremu politikoen zatiketak gaindituz, zazpi euskal herriak batzen ditu, eta aipatu urte luzeotan Jean izan da lehen edo bigarren gidari. Jakin du karguak behar zuen tornua ematen; agintari eta herri hautetsiekiko harremanetan duintasunez eta diplomaziaz Euskaltzaindia bere leku gorenean jagoten; kulturgintzan eta, batez ere, euskalgintzan ziharduten eta diharduten elkarte eta taldeekin harremanik emankorrenak eramaten. Horregatik, hain zuzen, ongi merezitako herri-gizon ospearekin jarraitzen du, euskaltzain emeritu eta karguak utzita izan arren. Herritarren aurreko agerraldietan, hedabideekiko harremanetan herri-gizontasun hori, plazagizon bezala eraman du trebezia naturalez.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo