«Itzalen izkinetan» gertatzen denari erreperatzeko gonbita Donostian
Stephen eta Timothy Quay anaia bikiei «itzalen eta ilunabarren izkinetan» gertatzen dena interesatzen zaiela diote. Egia den ala ez jakin nahi duenak oraintxe du aukera, egun hauetan Donostian baitira Koldo Mitxelenak antolatutako «Hitzak ispiluan» jardunaldietan parte hartzeko.
Rebeka CALVO | DONOSTIA
«Hitzak ispiluan» izenburupean literaturaren eta artearen arteko lotura aztertuko duten lau jardunaldi antolatu ditu Donostiako Koldo Mitxelena Kulturuneak. Jardunaldien koordinatzaileak, Menchu Gutierrez idazleak, lau hitzorduak lotzen dituena «sorkuntza lengoaia desberdinak elikatzen dituen hitza» dela argitu zuen atzo Koldo Mitxelenan bertan egin zen aurkezpenean. «Ez dugu laborategi moduko bat egin nahi, gure asmoa parte hartzaileen artean esperientzia zabaltzea da, zerbait bizia egitea, alegia. Sortzaileen artean elkarrizketak sortu nahi ditugu», gaineratu zuen idazleak agerraldian.
Aurkezpena gainera, berezia izan zen oso. Izan ere, hantxe ziren Stephen eta Timothy Quay anaia bikiak. Animazio-filmak txotxongiloen laguntzarekin egiten trebatu diren Filadelfiako bikiak, hain zuzen, eta jendaurrean agertzea oso gustuko ez dutenak. Tim Burton eta Terry Gilliam zinema zuzendariek askotan azaldu dute bi anaia hauenganako mirespena. Quay anaiak «Institute Benjamenta» eta «The piano tuner of Earthquakes» pelikulen egileak dira, eta baita «The Street of Crocodiles» edo «The Artificiali Perspectiva or Anamorphosis» film laburrenak ere.
Horiek hala, gaur hasiko dira jardunaldiak eta Quay anaiak izango dira lehendabiziko protagonistak. 19.30etik aurrera Koldo Mitxelenan Menchu Gutierrezek mintegiaren aurkezpena egingo du lehen-lehenik, eta ondoren Filadelfiako anaien aipaturiko «The Street of Crocodiles» film laburra ikusi ahal izango da.
«Quay anaiek Bruno Schulzen liburuan oinarritu ziren film labur hori egiteko, ez da moldaketa bat, interesatzen zaiena bakarrik hartu baitzuten», azaldu zuen Gutierrezek.
Ondoren, idazleak aipatu filman oinarriturik idatzitako ipuina entzun ahal izango da, eta lehen jardunaldia bukatzeko zinemagileekin hitz egiteko solasaldia irekiko dute.
Bi sortzaile bitxi hauen inguruan Begoña del Teso zinema adituak euren lanekin ez dutela erantzunik eman nahi azaldu zuen. «Ez dute erantzunik ematen, ez dute azalpenik emateko ezer kontatzen, beraiek arima botatzen dutela diote. Iradokizunak besterik ez dituztela ematen», esan zuen.
Alde horretatik, «itzaletako eta ilunabarretako izkinetan gertatzen dena» interesatzen zaiela agertu zuen del Tesok. Are gehiago, Gutierrezen hitzetan «hutsuneen lengoia» darabilte, «literaturan ikusezinak direnak argitara ateratzeko».
Musika, olerkia eta dantza
Dena den, «Hitzak ispiluan» jardunaldiek beste sorkuntza lengoaiak ere eskainiko dituzte. Asteazkenean, urtarrilak 30, solasaldia Luis de Pablo konpositorearen eta Vicente Molina Foix idazlearen artean. «Ezin dut gehiegi iragarri, baina bertan hainbat opera lanen zatiak entzuteko aukera izango dugu», esan zuen koordinatzaileak.
Ostegunean, berriz, Olvido Garcia Valdes olerkariaren eta Perejaume artista eta idazlearen arteko mintzaldia izango da saio nagusia. Azken egunean, otsailaren 1ean, ostirala, Chantal Maillard filosofo eta olerkariaren eta Merçe Escrich dantzariaren arteko solasaldia izango da, Baratha Natyam izeneko dantza ikuskizunari esker.
Koordinatzaileak olerkari indiarrek beren lanak musikatuak zein dantzatuak izango zirela jakinda lan bitxiak egiten zituztela gogoratu zuen, eta hain zuzen, horietako batzuk izango dira ikusgai datorren ostiralean Donostian. Jardunaldi guztiak doakoak dira eta 19.30ean hasiko dira Koldo Mitxelenan.
Jardunaldien azken egunean, ostiralean, dantzaren eta hitzaren inguruko elkarrizketa izango da nagusi. Izan ere, Chantal Maillard filosofo eta olerkariak eta Merçe Escrich dantzariak solasaldia egingo dute.
Jardunaldiak: «Hitzak ispiluan».
Lekua: Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunea.
Egunak: Gaurtik ostiralera bitarte.
Ordua: 19.30ean.
Poetika handia darie Timothy eta Stephen Quayn anaien lanei. Atzo Donostiako Koldo Mitxelenan egindako aurkezpenean ere ondorio horixe atera ahal izan zen beren hitzetatik. Lehenik eta behin, beren lanak «ametsaren eta esnatze unearen artean» kokatzen direla esan zuten, baita «iheskorra eta hauskorra» dena interesatzen zaiela ere. «Errealitatea ametsgaiztoetan barna erakusten dute», esan zuen bi zinemagile hauen lanaren inguruan Begoña del Teso zinema adituak.
Besterik ere entzun ahal izan zen bertan, hala ere: «Kamara pertsonaien begia da Quay anaien lanetan». Horiek hala, Filadelfiako zinemagileek lan egitean «eragabeko zerbait aurkeztea» dute xede. «Guk planteatzen dugun aurkikuntza prozesuan oso garrantzitsua da egitura itxirik ez edukitzea», azaldu zuen alde horretatik Timothy Quayk.