Osasunaren negozioa iraungitze dataren beldur
Farmazia industriaren krisi handia heltzear dago. Ez gaixotasun faltagatik, eta are gutxiago gaixo faltagatik, etekin gehien ematen dituzten botiketatik 40ren patenteak datozen lau urteetan iraungi egingo direlako baizik. Industria hori arrisku bizian omen dago, eta murriztu dute dagoeneko ikerkuntzarako gastua; hala ere, merkaturatzen diren botikarik gehienek ez dute lehendik zeuden besteekiko hobekuntzarik ekartzen. Osasuna negozio handia dela ez da inongo sekretua. Ezta ere handiagoa izateko gaixotasunak sorrarazi egiten dituztela. Osasunaren Munduko Erakundearen arabera, AEBetan 1995 eta 2002 bitartean farmazia industriak izan zuen irabazirik handiena. Ezagunak dira garapen bidean dauden herrialdeekin industria horrek izan dituen auziak, giza eskubideen logikatik, giza logikatik, alegia, ulertezinak. Medikamentuek osasuna, edozeinena eta guztiona, izan beharko lukete helburutzat. Lehen Munduak gaixotasun kronikoei aurre egiteko duen ahalmenik ez duten herrialdeetako gaixoek eskubide hori izatez badute, baina merkatuaren logikak galarazita. Osasuna giza eskubide unibertsala izan beharrean, bakan batzuena baino ez izatea eragin du industria horrek. Nolanahi ere, gobernuek eskubide hori bermatzeko zer egiten duten galdera tolesgabea da seguru asko, batez ere, herritarrek ordaindutako ikerkuntza botika enpresen eskuetara doala jakinda, besteak beste.