GARA > Idatzia > Errugbia

Liga Federala

Donibane Lohizune bigarren fasetik oso gertu dago

Maulek galdu egin duen arren, igoera fasea jokatzeko aukerak ditu, baina Nafarroak, aldiz, mailari eustea ez dauka batere erraza

p044_f01.jpg

Jon LEUNDA | BAIONA

Ezin esan, Liga Federalean, Lehen Mailan dabiltzan euskal taldeentzat asteburu ona izan denik, lehian ari diren hiru taldeetatik, Donibane Lohizunek bakarrik irabazi du-eta. Dena dela, izandako emaitzak ere ez dira ezustekoak izan, Maulek eta Nafarroak aurkari gogorrak baitzituzten aurrez aurre.

Donibane Lohizunek bigarren fasea jokatzeko txartela eskuratzeko urrats garrantzitsua eman zuen herenegun, etxean Perigueuxi 36 eta 10 irabazita, nahiz eta jada sailkatzea lortu duenik oraindik ezin den esan.

Lapurtarrak nagusi izan ziren berdegunean eta ongi merezita lortu zituzten bost puntu, erasoan lortutako puntu gehigarria ere batu ahal izan baitzuten. Izquierdok bi entsegu egin zituen, eta Haisagerrek eta Lecorffek bana. Elizondok bi transformazio eta hiru zigor-kolpe gauzatu zituen, eta Ibarburuk, berriz, zigor-kolpe bat.

Maulek, aldiz, bisita gaiztoa zuen Colomiersekoa, multzoko lehen sailkatuaren aurka jokatzeko zen-eta. Gainera, orain diru arazoak baldin baditu ere, ez dira urte asko Colomiersek Europako Kopa irabazi egin zuela. Gauzak horrela, zuberotarrek neurketa zaila zuten, baina ez zuten itxura txarra eman, 30 eta 13 galdu zuten arren.

Euskaldunek une oro eman zuten aurpegia, aurkaria estutzen ere saiatu ziren, baina Colomiersek maila handiko jokalariak ditu, eta ezinezkoa izan zen puntu bakar bat ere eskuratzea. Parisek egin zuen zuri-gorrien entsegua, eta Bouillonek bi zigor-kolpe eta transformazio bat gauzatu zituen. Maulek oraindik bigarren fasea jokatzeko aukerekin jarraitzen du.

Hiru taldeetatik, norbaitek itxura txarra baldin badu, Nafarroa da. Nafarroa Behereko taldeak berriro ere galdu egin du. Oraingoan Lurdan izan da, 46-9 galdu zuela. Porrot batetik bestera aldea egoten da, eta oraingoan hori-gorriek itxura kaskarra eman dute, eta aurten mailari eustea asko kostatuko zaiela argi eta garbi geratu zen.

Lurdaren zelaian Nafarroa ez zen ikusi ere egin, eta kezkatzeko moduko neurketa egin zuten, nahiz eta markagailuan aitzinetik jarri ziren. Iturririak egin zituen puntu guztiak, hiru zigor-kolpe gauzatuta.

Sailkapenari begira jarrita, bosgarren multzoan, Maule bosgarren dago 24 punturekin. Seigarren multzoan, Donibane Lohizune, laugarren dago 35 punturekin, eta Nafarroa, aldiz, azkenaurrekoa da 18 punturekin. Lehen fase hau amaitzear dago, eta garbi dago Nafarroa dagoela egoerarik okerrenean. Donibane Lohizunek bigarren fasea jokatzeko txartela oso gertu dauka, eta Maulek, aldiz, lehen helburua ere betetzear dauka, izan ere, mailari eustea baitzuen xede, eta gauzak oso gaizki egin beharko ditu hori ez gertatzeko. Orain ordea, igoera fasean sartzeko aukerak ere baditu, eta hori lortu nahian dabil.

Neskak

Nesketan ere ez da ezusterik izan, eta ASB Baionako neskek sailkapeneko lehen postuan jarraitzen dute orain arte jokatu dituzten partida guztiak irabazita. Fonsores izan zen Baionan bisitari herenegun, sailkapeneko laugarren postuan zeuden, baina inor ez da gai baionarrei aurre egiteko, eta berde-moreek 27-0 irabazi zuten.

Baionarrek erasoan min handia egiten dute, eta herenegun ere bost entsegu egin zituzten, nahiz eta bakar bat baino ez zuten transformatu lapurtarrek. Sailkapen nagusian lehen postuan jarraitzen dute, beraz, 45 punturekin.

Gernika jadanik hasita dago igoera fasearekin pentsatzen

Gernika jadanik hasita dago Ohorezko Mailarako igoerarekin pentsatzen, tinko jarraitzen baitu Ohorezko B Mailako bigarren postuan. Herenegun, Durangon jokatutako derbia irabazi zuten 7-18. Partida ez zen handia izan, baina faboritoak irabazi zuen.

Mailako hirugarren euskal taldeak, Hernanik, astindua hartu zuen etxean Liceo Francesekin 15 eta 42 galduta.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo