Aizkora Urrezko lehiaketa
Peñagarikanok beteko du Otañoren lekua eta berak osatuko du Lasarekin bikoa
J.L. | DONOSTIA
Joxemiel Peñagarikanok beteko du Unai Otañoren lekua Urrezko Aizkoran. Beizamako aizkolaria Arria V.arekin aritu da aurtengo Urrezko Aizkoran, baina final laurdenetan kanpoan geratu dira. Orain, bakarren batek huts eginez gero, parte hartu zezakeenez, bera arituko da zigortuta dagoen Unai Otañoren ordez.
Ibarrako aizkolaria orain arte Lasarekin aritu da, eta final laurdenetako bidea egin dute. Dopin kontrolean positibo eman zuen, baina, pasa den irailean jokatu zen Gipuzk0ako finalean, eta bi urteko zigorra ezarri diote orain, eta Egur Sport enpresak kanpoan utzi du. Bere ordezkoa izango da Peñagarikano. Lasak hartu duen erabaki horrek ez du ezuste handirik sortu, izan ere, Legorretakoa aspaldian Beizamakoarekin baitabil entrenatzen, eta azkenean biak egingo dute aurrera lehiaketa honetan.
Final laurdenak izango dituzte, eta datorren larunbatean izango dute ekinaldia Zeanurin. Bertan aurrez aurre Larretxea eta Atutxa II.a izango dituzte. Azken hauek dira orain, askoren ustez, txapelketa hau irabazteko faboritoak, eta Legorretakoak eta Beizamakoak ez dute lan erraza izango.
Izan ere, Urrezko Aizkoran finalerdietan neurtuko diren aizkolariak zein izango diren datorren asteburuan jakingo da. Aipaturiko kanporaketa horretaz gain, igandean Urretxun jokatuko da bestea, eta horren inguruan ere ikusmin handia dago, Arrospide eta Aierbe II.a Ugartebururen eta Azurmendiren aurka neurtuko baitira.