GARA > Idatzia > Kultura

Robert Caparen 3.000 argazki argitaragabeak topatu dituzte

68 urtez desagertuta egon ostean, Mexikon aurkitu dituzte negatiboak gordetzen zituzten hiru kutxak, 1940an Frantzian jaso zituen diplomatiko baten etxean, hain zuzen. Argazki filmen artean 36ko Gerrako irudiak daude, horien artean Euskal Herriko historiaren zati bat.

GARA | MEXICO

1940an Frantzian diplomatiko gisa jardun zuen Francisco Javier Aguilar Gonzalez jeneral mexikarrak 127 argazki filma zeuzkaten hiru kutxa jaso zituen. Barruan, Robert Capak (Budapest, 1913-Thai Binh, Vietnam, 1954) 36ko Gerran egindako lanaren zati handia zegoen: 3.000 argazki baino gehiago.

Galdutzat eman ostean, jeneralaren familiakoek topatu zituzten honen etxean, 90eko hamarkadan. Baina jenerala hilda zegoela, ez zioten garrantzia handirik eman, Trisha Ziff zinemagileak ikusi arte. Horietako argazki batzuk argitaratu zituzten El Periodico de Catalunyak eta The New York Timesek iragan igandean.

Negatibo guztiak oso egoera onean omen daude eta Euskal Herriko istoriaren zati handi bat gordetzen dute. Argazki filmen artean Eibarko, Zornotzako eta Bilboko irudiak aurkitu dira, baita Agirre lehendakari ohiarenak eta Pasionariarenak ere, besteak beste. Oro har, garai hartan gertatu ziren borroken eta egunerokotasuneko bizitzaren irudiak eta pertsonak.

Taro eta Seymourrenak, ere bai

Adituak pozik agertu dira aurkikuntza horrengatik, orain arte 36ko Gerran Capak eginiko 500 argazki besterik ez baitziren ezagutzen. Hala ere, aurkitutako irudi guztiak ez dira Caparenak. Batzuk Gerda Taro eta David Seymour argazkilariek hartu- takoak dira. Lehena bere neska- laguna zen eta bestea bere lagun mina. «Lanak izango ditugu bakoitzak zein egin zuen aztertzen baina merezi du», ziurtatu zuten.

Argazkiak baldintza berezitan gorde behar dira eta argazkilarien senideenak direnez, New Yorkeko Argazkilaritzako Nazioarteko Zentrora eraman zituzten 2007ko abenduan. Elkarte hau oraindik bizirik dagoen Robert Caparen anaiak, Cornell Capak, sortu zuen.

PANCHO VILLA

Francisco Javier Aguilar Gonzalez jeneral mexikarra Pancho Villaren esanetara borrokatu zen Mexikoko Iraultzan, 1940an Frantzian diplomatikoa zela argazki filmak jaso baino lehen.

LA PASIONARIA

Negatiboetan 36ko Gerra garaiko borroka, eguneroko bizitzaren eta pertsonen irudiak aurkitu dituzte. Eibarko, Zornotzako eta Bilboko irudiak omen daude, baita Aguirre lehendakariarenak eta Pasionariarenak ere.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo