«LŽArche de Zoe»-ko kideei zortzi urteko kartzela zigorra ezarri die Estatu frantsesak
Txadek zortzi urtez behartutako lanak egitera zigortu zituen «L´Arche de Zoe»-ko sei kide. Neurri hori kode frantsesean ez dagoenez, Creteileko epaitegiak zortzi urteko kartzela zigorra ezarri die. Senideek erabakia salatu eta egindako «bidegabekeria» zuzentzeko exijitu dute.
GARA |
Creteileko epaitegiak zortzi urteko kartzela zigorra ezarri die L´Arche de Zoe gobernuz kanpoko erakundearen sei kideei Txadetik 103 ume ateratzen saiatzeagatik. Abenduaren 26an ezarri zieten herrialde afrikarrean zortzi urtez behartutako lanak egiteko zigorra, baina Estatu frantsesean halakorik ez dagoenez, kartzela zigorra jarri diete.
Epaimahaiaren iritziz, Txadek ez zuen auzipetuen justiziarako eskubidea urratu, eta N'Djamenan ipini zieten zigorra Kode frantsesera egokitzera mugatu zen. Fiskaltzaren arabera, Estatu frantsesak ezin ditu auzipetuak berriro epaitu. Hala hitzartu zuten Txadeko epaileekin seiak Parisera estraditatzeko.
Erabakia entzutean, senideek beren hasarrea azaldu zuten. Zigorra «lotsagarri» dela esan eta epaileei irainak jaurti zizkieten.
Sei zigortuetaik bost -Eric Breteau, Elimilie Lelouch, Alain Péligat, Philippe van Winkelberg eta Dominique Aubry- epaiaren irakurketara joan ziren. Nadia Merimi ez zen bertan egon. Haren arreba Souad Merimik prozesu judiziala «antzerki» hutsa izan dela eta frantsesa izatea «lotsa» ematen diola azpimarratu zuen. Hedabideentzat ere hitz gogorrak izan zituzten ahaideek. «Putreak» izatea leporatu zieten, beste hainbat irainen artean. «Zuzendu beharreko bidegabekeria galanta da», adierazi zuten abokatuek. Hartara, helegitea aurkeztuko dutela aditzera eman zuten.
«Gerratik urrundu nahian»
Iazko urrian atxilotu zituzten Abechen, Txadeko ekialdean. Darfurreko umezurtzak Parisera «gerra errefusiatu» gisa eraman nahi zituztela argudiatu zuten.
Gertaerak iskanbila handia sorrarazi zuen Txaden, baita Estatu frantsesean ere. Atxilotuta zeudela, gose greba egin zuten bizi baldintzak salatu eta prozesu bidezko bat exijitzeko.
Fiskaltzak egindako gomendioari jarraituz, epaimahaiak ez du baloratu auzipetuak errudun diren ala ez, ezta Txaden ezarritako zigorra bidezkoa ote zen ere. Djamenako epaileen erabakia egokitzera mugatu da.