Fitxaketa
Umetako ametsa bete eta zuri-gorriz arituko da Armando
37 urteko sopeloztarrak hamar urte bete ditu Cadizen eta orain, Iraizozen lesioa medio, bere kirol ibilbidea Athleticen bukatzeko aukera agertu zaio
Beñat ZARRABEITIA | BILBO
Futbolak, eta bizitzak orohar, hainbat buelta eta ezusteko ematen ditu. Horietako bat, eta ezin gozoagoa gainera, da Armando Ribeirok azken egunotan jaso duena. Izan ere, GARAk atzo jakin ahal izan zuenez, Cadiz eta Athleticen arteko elkarrizketak egun osoan zehar iraun baitzuen, atezain bizkaitarrak denboraldia bukatu bitartean Bilbon jokatu dezan. Talde andaluziarretik baieztatu zigutenez, akordioa ez dago erabat adostuta edizio honen itxieran, baina ez omen dute inolako trabarik jarriko Armandok bere bizitza osoko ametsa bete dezan.
Sopeloztarrak ere tentuz jokatu nahi du. Fitxaketa erabat itxi bitartean Euskal Herrian gestio guztiak egingo dizkion pertsona batekin kontaktuan darrai.
Atezainen inguruko albisteek zeresan ugari eman dute Athleticen inguruan azken hilabeteetan. Iazko ekainean, zuri-gorriek euren jokalari taldean hiru atezain zituzten, Aranzubia, Iñaki Lafuente eta Alba. Horrekin batera, Ibaiganen Gorka Iraizoz erosteko erabakia hartuta zegoen eta udan zehar, antsoaindarraren fitxaketa baieztatu zen. Lafuente -utzita- eta Unai Alba klubetik kanpo daude orain. Oiartzuarra gainera, berriz erosteko inolako klausularik gabe.
Baina, Gorka Iraizozen lesioak Athletic beste atezain bat bilatzera behartu du. Hasieran Fernando Garcia Macuak aukera hori baztertu egin bazuen ere, hurrengo egunean zuzendaritza taldeko Joseba Inchaurragak postu hori indartzeko asmoa zeukatela baieztatu zuen.
Horiek horrela, lehen unetik aipatu zuten izena Armando Ribeiro sopeloztarrarena izan zen. Bizkaitarrak 37 urte ditu eta Cadizen dihardu. Egun, Koke Contrerasek betetzen du talde horiaren atea eta Armando itzalean geratu da. Egoera berria da berarentzat, azken 10 urteetan andaluziarren ikurretako bat bilakatu baita. Denbora tarte horretan, denetarik ezagutu du bizkaitarrak: kobratzen ez zutelako itxialdi bat, bigarren mailarako igoera, Zamora sari bat baino gehiago, eta lehen mailan eta euskal selekzioarekin aritzeko aukera izan dira, besteak beste, hamar urte hauetako esperientzia gogoangarrienetakoak.
Bat-bateko deia
Orain, gutxien espero zuenean, Athleticen jokatzeko aukera etorri zaio. Atzo iluntzean bi klubek akordioa itxi gabe bazuten ere, atezain bizkaitarrak badaki ez duela arazorik izango Bilbora etortzeko. Talde zuri-gorriaren deiaren zain dago, beraz.
Oraingoz, ez dago batere argi gaur gainerako taldekideekin lan saioa egingo duenik. Izan ere, bi taldeetako webguneek fitxaketa baieztatuz gero, Armando Ribeirok Cadizeko zaleetatik agurtzeko prentsa agerraldia egingo du.