Alaitz Iturriotz euskal preso politikoaren gurasoek auto istripua izan dute Valentziara bidean
GARA |
Euskal preso politikoen sakabanaketa politikak beste istripu bat eragin zuen iragan larunbatean. Valentziako kartzelan preso dagoen Alaitz Iturriotzen gurasoek istripua izan zuten gaueko hamabi eta erdiak aldera Zaragozako Gallur herrian. Autoak kalte material garrantzitsuak izan zituen arren, euskal preso politikoaren senideek ez zuten kalte fisikorik izan.
Etxeratek salatu zuenez, sakabanaketak 2008an jada eragin duen bigarren istripua da oraingo hau, eta gogoratu zuen ehunka eta ehunka direla politika hau indarrean jarri zenetik zauritu diren senitartekoak, eta hamasei hil direnak.
Horregatik, espetxe politika «hiltzaile» hau bertan behera uzteko «zenbat senide gehiago hil eta zauritu» behar diren galdegin zien PSOEri eta UMPri.
Alde horretatik, euskal preso politikoen senideen eta lagunen elkarteak argi utzi nahi izan zuen sakabanaketaren ondorioz gertatzen diren istripuek eragiten dituzten «zauri, heriotza eta izugarrizko odoluste ekonomikoak» ez dituztela beren bidetik aterako. «Euskal preso politikoak non, senide eta lagunok han egoten jarraituko dugu», adierazi zuen Etxeratek prentsari igorritako oharrean. Horrez gain, «astero eguraldi ona ala txarra egin, lanetik irten ostean horrenbeste kilometro egin behar izatera behartzea, istripuak izatera bultzatzearen sinonimo» dela PSOEk eta UMPk ondo dakitela esan zuen.
Konpromiso eske
Sakabanaketa politika amaitzeko oraindik konpromisorik hartu ez duten erakundeei eta alderdiei dei egin zien Etxeratek, eta egoera hau noiz arte luzatuko den eta beste zer gertatzeko zain dauden galdetu zuten.
Gogorarazi zuenez, «aurten 21 urte beteko dira PSOEk, PNVren laguntzarekin, indarrean dagoen espetxe politika abian jarri zuenetik». Ordutik, «politika hiltzaile» horrek euskal preso politikoen eta senideen artean «heriotza eta samina besterik ez» duela eragin salatu zuen. Are gehiago, gaitzetsi zuenez «tamalez, oraindik PNV alderdia eta berak kudeatzen dituen instituzioak ez dira ezer egiten ari» politika horrekin amaitzeko.
Ildo berean, euskal preso politikoen eskubideen defentsan lanean jarraitzeko deia egin zien Etxeratek euskal herritarrei.
Eskubide horiek errespeta daitezela eskatzeko, atzo mobilizazioak egin zituzten hainbat herritan. Iurretan 46 lagun elkarretaratu ziren, Ataunen 20, Zaldibian beste 20, Laudion 41, Berangon 20, Altzan 27, Euban 11 eta Otxarkoagan 20.