GARA > Idatzia > Musika

Aro bat itxi eta berri bat ireki nahian, Mikel Erentxun Victoria Eugenian

Hogeita bost urte inguru eman ditu Mikel Erentxunek oholtza gainean, Duncan Dhu ospetsuekin hasi eta bakarka bukatu. Orain, iraganari ateak itxi eta zerotik hasi nahian dabil, musika munduan bide berriak grinatsu jorratzeko. Horretarako, baina, zuzeneko gau zirraragarriak eskainiko ditu gaur, bihar eta etzi, bere hiria den Donostiako Victoria Eugenia antzokian, gerora zuzeneko disko bat plazaratu eta Zinemaldian dokumental bat aurkezteko.

p056_f01_97x152.jpg

Anartz BILBAO | BILBO

Artean gaztea zela ezagutu zuen arrakasta Mikel Erentxunek. Duncan Dhu hirukoteko kide genuen orduan, pop talde esanguratsuak eman izan dituen Donostiako hirian. Alta, arrakastaz arrakasta jardun ondoren, taldekideak agurtu eta bakarka kantatzeari ekin zion.

Arkitektura ikasketak ere egin zituen korrika egitea atsegin duen Erentxunek. Argazkilaritza, zinema... asko eta asko dira iaz «El corredor de la suerte» argitara eman zuen artista gipuzkoarraren grinak eta zaletasunak. Orain hurrena Amaia Monterorekin batera ikusi genuen, Itoiz taldearen «Lau Teilatu» epel bati ahotsa jartzen.

Harrigarriro, Victoria Eugenia Antzokia lepo beteko du gaur, bihar eta etzi. Zer dela-eta jakin nahi, eta berari galdetu diogu zuzenean.

Artistak berak ere ezustekoa hartu du, bera bizi den Donostian hiru gauez jarraian joko duela-eta: «Duncan Dhuren garaian ere, gero bakarka legez, Estatu espainolean eta Euskal Herrian oso harrera ona izan genuenean, asko kostatzen zitzaigun Donostian jotzea. Iaz, esaterako, nire azken lana, `El corredor de la suerte' aurkeztu genuen eta izugarri kostatu zitzaigun areto bera gau batez betetzea. Niretzat historikoa da, ez dudalako inoiz hiru egunez jarraian inon jo».

Bat-bateko arrakasta horren arrazoiak ere jakin nahi izan ditugu. Mikelek esan duenez, eta apaltasun faltsurik gabe, «orain lehen baino musika hobea egiten ari naiz eta nire lanak gero eta hobeak dira. Gainera, bide luzeko artistek, goizago edo beranduago onarpena lortzen dute. Badago puntu berri bat ere, `Lau Teilatu' abesteak ondoren euskal publiko berri batengana hurbiltzeko balio izan didalako».

Egunetako zuzenekoei dagokienez, orain arteko ibilbideari bukaera eman nahi dio Erentxunek, ate bat itxi eta berri bat irekitzeko. «Zerotik hasi nahiko nuke berriro eta zuzenekoak jai bat izango dira azken aldiz joko ditudalako bakarkako ibilbidean egin izan ditudan kantuak». Duncan Dhurekin toki berean egin zuen bezala, beraz, kontzertuak grabatu eta zuzeneko disko bat ateratzea zen hasierako asmoa. «Baina bide beretik, kontzertuak zinema formatuan grabatu eta Jose Mari Goenagak («Lucio» filmaren egileak), dokumental bat egingo du, zuzenekoetatik landa musikariaren prozesu guztia erakutsiko duena eta lehen batean Donostiako Zinemaldian estreinatuko dutena. «Elkarrizketak eta zuzeneko kantuak tartekatuko dira, Scorsese-k The Band taldeari egindako `The Last Waltz' pelikularen bide beretik, jendeak kontzertua ez ezik agertoki atzean dagoena ere ikus dezan».

Etorkizunari begira

Orain arte egindakoa alde batera utzi eta zerotik hasi nahiaz ere mintzatu da Erentxun. «Orain arte egindakoarekin alderatuz, nire iragana reset-eatu eta gauza berriak frogatu nahi nituzke. Musika mailan arrisku handiagoa duten gauzak egin, teknologia berriak ikertu, euskarazko kantu propioak sortu, artista ezberdinentzako konposizioak eta ekoizpenak egin...». Egitasmo andana, beraz, denak ere musika munduarekin lotuak, zineman ere interes handia agertu duen arren.

Denborak esango digu artista donostiarraren norabide berria norantz abiatuko den, baina ziurrenera emango ditu bere fruituak, Mikel Erentxun ez baita besoak gurutzaturik gelditzen den horietarikoa.

IKUSMINA

Mikel Erentxun aro berri baten atarian aurkitu dugu, eta sekulako ikusmina sortu du, hiru gauz Victoria Eugenia antzokia betetzeraino. Etorkizunean, bide berriak ikertzeko gogoa ere agertu du.

Fitxa

Tokia: Victoria Eugenia Antzokia (Donostia).

Data: Gaur, bihar eta etzi.

Ordua: 21.00etan.

Sarrera: 15, 18 eta 22 euro. (Ostiral eta larunbaterako ahituak. Gaurko, ahitzear).

Zirrara eta erantzunkizuna, hiru gau Donostian zuzenean

Bizitza osoa musikari atxikita darama Erentxunek. Nerabezaroa The Hillbilly Cats eta Aristogatos taldeetan eman zuen, gero Diego Vasallo eta Juan Ramon Viles lagunekin batera Duncan Dhu sortzeko, 80ko hamarkadan. Artean Duncan Dhu bizirik zela, bakarkako ibilbideari ekin eta 1992an «Naufragios» debuta plazaratu zuen, aro berri bati hasiera emanez. «El abrazo del erizo» eta «Acróbatas» iritsi ziren gero. 2004an arrakastak disko batean bildu aurretik, «Te dejas ver» eta «Ciudades de Paso» ere plazaratu zituen. Azken lana, iazko «El corredor de la suerte» bikoitza du.

Bihar eta etziko sarrerak ahituta, gutxi batzuk baino ez dira gelditzen gaur gauean ere aretoa betetzeko. Zuzenekoari begira eta errepertorioari dagokionez, hiru kontzertuak funtsean berdinak izango badira ere, dozena erdi gonbidatu izango ditu, gaur ez baina bihar eta etzi Mikelekin batera arituko direnak. Oholtza gainean, berriz, sei lagun: «Nahiko banda ugaria izango da, nik erabili izan ohi dudanarekin alderatuz. Gitarretan Fran Iturbe eta Ruben Caballero, pianoan Joserra Senperena, Manolo Mejia baxuan eta Rufo Urbina baterian». Azken hau bizkaitarra dugu, eta gipuzkoarrak besteak. Goi mailako musikari profesionalak guztiak, makina bat egitasmo, talde eta bakarlarirekin zuzenean jotakoak.

Izan ere, hiru gauez jarraian abestea ez da erronka makala. «Alde batetik oso zirraragarria da eta pozten zaitu zure hirian hiru egunez jotzeak, sekulako energia ematen dizu horrek. Bestetik, urduritasuna eta ardura izugarria sentitzen dut». Ahotsarentzat ere ez omen da egokiena hain tarte laburrean horrenbeste kantatzea, eta horregatik gogor dabiltza egunotan saioak egin eta ikuskizuna prestatzen. «Nekagarria da, baina merezi du».

Hiru emanaldiak grabatu ondoren, zuzeneko diskoa aterako du Erentxunek, «Tres noches en el Victoria Eugenia» deiturikoa. Film bat ere plazaratuko dute, Jose Mari Goenagaren gidaritzapean. Iaz Zinemaldian «Lucio» aurkeztu zuen Goenagak, Cascanteko Lucio Urtubia igeltsero anarkista bikainaren ekintzak bildu dituena. Erentxunen lan artistikoaren gaineko dokumentala ere Zinemaldian estreinatzeko asmoa dute eta, protagonistaren esanetan, «komertzialki ez du ibilbide luzea izango, baina zinema musikala jorratzen duten jaialdietara eramateko asmoa dugu». Denborarekin, gainera, ez dute baztertzen zaleentzako DVD batean argitaratzea ere. A. BILBAO

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo