EAEren mozioa ez aztertzea erabaki du Andoaingo Udalbatzak
GARA |
Andoaingo EAE-ANVk mozio bat aurkeztu zuen atzo udalbatzan eztabaida zedin. Testu horren bidez gogorarazi dute «herritar sektore zabal baten hitza eta erabakia zapaldua izaten» ari dela. «Ezkertiar eta abertzaletzat gure burua definitzen dugunoi, aukera politikorik gabe uzten gaituzte, non geratzen dira gure eskubideak? Non geratzen dira 1.500 andoaindarron eskubideak?». Izan ere, EAE-ANVk lau eserleku eskuratu baitzituen pasa den urteko udal hauteskundeetan, «baina hori ez da islatzen andoaindar guztien gertueneko instituzioa omen den udal honetan». Oraingoan «Euskal Herri osoko ezkertiar eta abertzale diren horiek guztiak aukera politikorik gabe gera daitezkeela» ohartarazi dute, halaber.
Are gehiago, alderdi ekintzailearen ordezkariek salatu dute «gatazka politiko-armatuaren konponbidearen aukera historikoari ezetz esan, eta Estatutak gatazka eta sufrimendua luzatzearen aldeko apustua egin duela». Mozioan udalbatzari eskatu zioten «ezkertiar eta abertzaletzat bere burua jotzen duten andoaindar guztien borondatearen aurkako erasoak» salatzeko, eta «Estatu baliabideak herritarren zapalkuntzaren norabidean jartzea» zilegi ez dela adierazteko. Besteak beste, «EAE-ANV alderdiak jaso zituen 1.456 bozen balio politikoa errespetatuz, indar politiko honi dagozkion 4 hautetsiei beraien jarduna bermatzea» eskatzen zitzaion mozioan eta, era berean, «ANVren balizko ilegalizazioaren aurkako jarrera agertzea».
Udalbatzak ordea, alderdi ekintzaileak aurkeztutako mozio hori ez aztertzeko erabakia hartu zuen.
Ildo berean, «andoaindarron borondatea errespetatu, ilegalizaziorik ez» leloarekin, argazki bat atera zuen larunbatean 70 lagunetik gorako taldeak. Tartean hainbat pertsona ezagun zeuden. Aurretik merkatuan sinadura bilketa egin zuten «andoaindar guztiek aukera politikoa izateko duten eskubidearen alde».