GARA > Idatzia > Eskubaloia

Apirilean jokatuko da Kopako zozketa

Arrate-Ademar eta Portland-Valladolid, final-laurdenetan

Eibartarrek lan ona egin nahi dute 17 urteko hutsunearen ostean; nafarrentzat titulu aukera ia bakarra da

p044_f01148x108.jpg

Asier AIESTARAN | DONOSTIA

Arrate-Ademar eta Portland-Valladolid dira atzo Zaragozan egindako eskubaloi Koparen zozketak euskal taldeei ekarri zizkien neurketak lehiaketa horretako final-laurdenetan. Beste bi norgehiagokak CAI Aragon-Barcelona eta Ciudad Real-Antequera izango dira. Final-laurdenak apirilaren 16 eta 17an jokatuko dituzte -bi partida egun bakoitzean-, 18an atsedena izango dute, finalerdiak larunbatean jokatuko dira, 19an, eta final handia, berriz, igandean, apirilaren 20an.

Iñaki Bolinaga, Arrateko presidentea, nahiko hotz azaldu zen zozketak emandakoarekin, izan ere, Ademar oso talde indartsua den arren, balizko beste aurkari guztiak ere kontuan hartzekoak baitziren. «Ez ongi eta ez gaizki; erdibideko aurkari bat tokatu zaigula esango nuke», adierazi zuen Bolinagak, Ciudad Real eta Barcelona, bi serie-buruak, eta CAI Aragon, etxeko taldea, ekidin zituztela-eta.

«Partida bakarrera dena da posible, kanporaketa bat da eta edozer gerta daiteke», aitortu zuen Bolinagak Eibarko taldeak «itxura ona» eman dezakeela gaineratuz. Lehen kanporaketa gaindituko balu, Arratek Ciudad Real eta Antequeraren arteko partidaren irabazlearen kontra jokatuko luke finalerdietan. Kontuan izan behar da eibartarrek Kopa jokatuko dutela hamazazpi urteko hutsunearen ondoren. Arrate zazpigarren dago Asobal Ligako sailkapenean 17 punturekin, eta Leongo Ademar laugarren 22 punturekin.

Nafarrak, mugarik gabe

Portland San Antoniok, berriz, faborito moduan ekingo dio Valladoliden aurkako kanporaketari. Nafarrak hirugarren postuan daude Asobal Ligako sailkapenean 22 punturekin eta Valladolid seigarren dago 18rekin. Egia, da, ordea, azken urteetan bi aldiz irabazi duela Kopa Juan Carlos Pastorren taldeak.

«Oso aurkari zaila izango da. Normalean ez dute titulurik lortzeko aukerarik izaten, eta horrelako lehiaketetan eraldatu egiten dira. Baina gu ere antzeko egoeran gaude. Ligak alde egin digu eta Europako Kopa zail dago, beraz, aukera ona da titulu bat lortzen saiatzeko», esan du Cabanas entrenatzaileak. Irabazleak Barcelona edo CAI Aragonen aurka jokatuko du.

aukera bakarra

Asobal Liga oso zail du jada Portlandek eta, Europako Kopan dagoen maila ikusita, aurten titulu bat eskuratzeko aukera bakarra izan daiteke Kopa. Bi aldiz lortu dute garaipena lehiaketa horretan, 1999an eta 2001ean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo