Inauterietan ere, Irurako Ikastolaren aldeko ekimenak
Inauterien hasiera iragarriko duen suziria gaur jaurtiko dute Tolosan. Gogotsu daude asko, eta lan eta lan beste hainbat. Aurtengo Kilometroak jaia antolatzea dagokio Irurako Ikastolari, eta jai hauei ere probetxua atera nahi die dirua batzeko. Tonbola jarriko dute, egun osoan zabalik izando den taberna zabalduko dute eta auto zozketarako txartelak salgai jarriko dituzte.
Maider EIZMENDI |
Gaur abiatuko dira inauteriak Tolosan eta guztia prest dago jada. Kale bazterrak apainduta, tabernak jan eta edariz lepo... Aurtengo Kilometroak jaiaren ardura duen Irurako Ikastola ere buru-belarri ari da lanean, datozen egunetan leku handia izango baitute jaietan.
Tolosan atzo egindako agerraldian aditzera eman zutenez, urriaren 5ean egingo duten jairako behar duten dirua lortze aldera, hainbat ekimen antolatzea otu zitzaien inauterien harira, eta jendeak emandako laguntzari esker guztiak gauzatu ahal izango dituzte.
Orotara, hiru dira datozen egunetan martxan jarriko dituzten ekimenak. Batetik, inauterietan hain ohiko den tonbola. Baina Foruen etorbidean jarriko dutena berezia izango da inondik ere. Aukeran izango diren sariak Tolosa, Irura eta Anoetako merkatariek eman dizkiete. Orotara, 2.500 sari batzea lortu dute eta 9.000 bat txartel saltzeko asmoa dute. Beraz, nabarmendu zutenez, hiru txarteletik bat sariduna izango da.
Mota guztietako opariak jaso dituzte zozketan emateko. Badira handiak, Teneriferako bi hegazkin txartel, musika entzuteko tresna, bizikleta...; badira xumeagoak ere. «Denetik dago, eta denak oso sari politak dira», adierazi zuten.
Tonbolan ez ezik, izango da Gipuzkoako ikastolen jaiari laguntzeko beste modurik ere. Ikastolako arduradurek taberna bat jarri dute eta inauteriak irauten duten bitartean zabalik izango da, jan edota edan nahi duten guztientzat. Arostegieta kalean dago kokatua, lehen Guria taberna zen lokalean bertan. «Guk `Eraikitzen' izena jarri diogu», jakinarazi zuen Ikastolako zuzendari Iosune Aiestaranek. Horixe da hain zuzen aurtengo Kilometroak 2008ren leloa; izan ere, jasoko duten diruarekin «eraikitzen» ari diren eraikin berria ordainduko dute.
Irurako Ikastolaren aldeko hirugarren ekimen bat ere bada. Inauterietan jarriko dute abian auto zozketa, eta Soldadu kalean izango dira txartelak salgai. Hiru egunetan, igandean, astelehenean eta asteartean, izango da horiek eskuratzeko aukera, goiz eta arratsaldez.
Aiestaranek ekimenok aurrera egin dezaten jaso duten laguntza guztia eskertu nahi izan zuen: «Eskerrak Tolosako Udalari, eman digun laguntza handiagatik; eskerrak taberna utzi digun tabernariari; eta eskerrak tonbola osatzen lagundu diguten merkatarien elkarteei, Alde Zaharrekoei eta Igarondokoei, eta elkarte hauetan ez badaude ere, gurekiko begirune handia izan duten Tolosako, Irurako eta Anoetako dendari guztiei». «Zalaparta honen arrazoi bakarra gure ikastola berria da. Eraikuntza lanak martxa onean doaz eta horregatik oso pozik gaude; lan asko egitea dagokigu, baina oso gustura ari gara», ohartarazi zuen Aiestaranek.
Igandean Foruen Etorbidean zabalduko dute. 2.500 sari batzea lortu dute eta 9.000 txartel salduko dituzte; beraz, hiru txarteletik bat sariduna izango da.
Bastida Ikastolako kideak buru belarri ari dira lanean ekainaren 15ean egingo duten Araba Euskaraz prestatzeko. Antolatzaileek agerraldia egin zuten atzo prestakuntzen nondik norakoak azaltzeko. «Ametsak dirau» leloarekin egingo da jaia. Jakinarazi zutenez, orain lau urte Araba Euskaraz jaia antolatu zutenean, amets bat zuten, euskaraz ikasi nahi zuten ikasleak batzeko eraikin egokia izatea. Orduan egindako lanak bultzada eman, eta 2006ko azaroan zabaldu zituen ateak ofizialki. Egun, Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza eta Bigarren Hezkuntzako 199 ikasle batzen ditu. Baina ametsik badute oraindik, euskarari eta euskaraz ikasi nahi dutenei hornitutako leku bat eskaintzea, eta ikastetxe berriaren eraikuntza lanak ordaintzen jarraitzea. Nola ez, inguruan hain errotua dagoen mahatsondoekin eta ardoarekin du zerikusia logoak. GARA